'Maixabel' filmak irabazi du Euskal Zinemaren Asteko publikoaren saria

Erredakzioa 2022ko ots. 28a, 10:45
Larunbatean sariak banatu zituzten Euskal Zinemaren Asteko itxiera galan. / VITAL FUNDAZIOA

Euskal Zinemaren Asteak agur esan dio bere 38. edizioari, Maixabel pelikulari film luze onenaren saria, David P. Sañudoren La colcha y la madre lanari film labur onenaren saria eta Susana Abaitua aktore gasteiztarrari Gutako Bat saria entregatuz.

Euskal Zinemaren Astearen 38. edizioa %100eko edukierarekin ospatu da otsailaren 21etik 26ra bitartean, eta egun guztietan agortu ditu sarrerak. Joan den astean zehar, 1.600 pertsona baino gehiago epaimahai izan dira, larunbat honetan itxiera ekitaldian banatutako sariak erabakitzeko. 

Jardunaldi bakoitzaren amaieran emandako botoekin, publikoak Maixabel hautatu du urteko film luze onenaren saria jasotzeko. Horrez gain, zinemaldiaren antolatzaileek David Perez Sañudoren La colcha y la madre lanari eman diote film labur onenaren saria, eta Susana Abaitua aktore gasteiztarrari Gutako Bat saria.

Edizio honen "oso balorazio" ona egin du Vital Fundazioak: "Egindako 38 edizioetan, publikoak leialtasuna erakutsi du publikoaren eta zinema egiten dutenen arteko topaleku eta trukerako gune eta profesional horiek erakusten dizkiguten istorioen zergatia eztabaidatzeko eta deskubritzeko gune bihurtu den ekimenarekiko".

Gainera, euskal zinemagintzaren izen handiak izan dira jaialdian, beren lanak aurkezten edo publikoarekin egindako solasaldietan: besteak beste, Urko Olazabal, David P. Sañudo, Beatriz Bodega, Itziar Ituño, Lara Izagirre, Ana Murugarren, Mel Arranz, Igor Legarreta, Xabi Vitoria, Iker Elorrieta, Imanol Ortiz eta Manu Gomez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide