Zientzia eta teknologiako emakumeen lana aitortuko du Aldundiak

Txaro Resano, Asun Eguren eta Cristina Ortega. / Irudiak: AFA

Martxoaren 5ean, ekitaldi instituzional batean, zientzia eta teknologiako hiru emakume profesional omenduko ditu Aldundiak: Txaro Resano Ingeniaritza Eskolako zuzendaria, Asun Eguren industria ingeniaria eta Bodegas Eguren enpresako zuzendaria, eta Cristina Ortega aeronautika ingeniaria eta Espazioko zuzendaria AVSn.

Indartsuagoak izan ginen, gara eta izango gara lelopean, Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8rako kanpaina aurkeztu du ostegun honetan. Aurten, enpresen eta ekintzaileen eremuko sororitatean jarri nahi dute arreta, eta esparru zientifikoan eta teknologikoan diharduten emakumeen lana ikusarazi.

"Sororitatea da emakumeen arteko elkartasun harremana, sareak eraikitzeko interes komunen inguruan, aliantzak, sinergiak eta elkarrekiko laguntza sustatzeko. Foru erakundeak urteetan zehar lurralde osoan bultzatu ohi duen emakumeen ahalduntze sare osoa, kuadrilletan zein udalerrietan, eta, bereziki, LAIA ekimena abian jarri zenetik", azpimarratu du Ainhoa Campo Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak. "Gizartean eragin behar da zientzia eta teknologian generoen arteko arrakalari buruz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko; izan ere, 15 urtetik beherako emakumeen %7k soilik planteatzen du lanbide tekniko bat".

Omenaldia

Sektorean emakumeen erreferenteen kopurua handitzeko erronka hartuta, Diputazioak hitza eman nahi die bide zientifiko-teknologikoa aukeratu zuten eta esperientziak partekatu ditzaketen emakume profesionalei. Horregatik, zientziaren eta teknologiaren arloarekin lotutako ibilbide profesional nabarmena izan duten hiru emakume goretsi eta omentzeko ekitaldi instituzional bat egingo dute, martxoaren 5ean, larunbatean, 12:00etatik aurrera Artium Museoan.

Honako hauek izango dira omendutako hiru emakumeak: Txaro Resano, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendari izan den lehen emakumea; Asun Eguren, industria ingeniaria eta Bodegas Eguren enpresako zuzendaria; eta Cristina Ortega, aeronautika ingeniaria eta Espazioko zuzendaria AVSn.

Gainera, energia eta ingurumen sektoreetan aditu Kristina Apiñaniz Saez de Maturanak parte hartuko du ekitaldian. Izan ere, hitzaldi bat emango du arlo zientifiko-teknologikoetan diharduten emakumeen enpresa ibilbideei buruz. Apiñaniz gerentea da Agrupalab ingurumen laborategian, eta erreferentea ur, lurzoru kutsatu eta hondakinei dagokienez.

 

Kanpaina eta lehiaketa

Urtero bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguneko kanpaina instituzionala hedabideetan, euskarri tradizionaletan eta kanal digitaletan izango da ikusgai. Helburu nagusia sororitatea ikusaraztea izango da, baita aliantzak eta sareak sortzeko beharretik ateratzen den emakumeen inplikazioa ere. Horrekin batera, lehiaketa bat abian jarriko dute LAIA sarearen webgunean. Eta Foru Gobernu Kontseiluak erakunde adierazpen bat onetsiko du.

Bestalde, LAIA Arabako Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Sareak jarduera ugari egingo ditu lurralde osoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide