Martxoaren 1ean izango da martxan BEI autobus elektrikoa

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 13:37
Hilabeteko proba egin eta gero, martxoaren 1ean izango dira martxan BEI autobusak. / Gasteizko Udala

Hasierako fase honetan, ohiko autobusak ibiliko dira BEI autobusekin batera; 6-7 autobus elektriko izango dira, goizean goizetik.

Autobus elektriko adimentsua martxoaren 1ean jarriko dute martxan Gasteizen, hilabeteko probaldia amaituta. Mugikortasun iraunkorreko zerbitzu berria egun horretan bertan hasiko da, goizeko lehen ordutik, 6-7 autobus elektrikorekin. Egun osoan zehar funtzionatuko dute, eta horrek Tuvisako linea periferikoen denborak eta eraginkortasuna hobetuko du, Udaletik azaldu dutenez. Hasierako fase honetan, ohiko autobusak ibiliko dira BEI autobusekin batera; falta diren gainerako ibilgailu elektrikoak pixkanaka gehituko dira, eta 13 unitateko flota izango da, guztira, sistema erabat ezartzen denean.

Lehen asteetan, 8 minutuko maiztasuna izango du BEI lineak, eta murriztuz joango da 7 minutukoa izan arte. Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez: "BEIa Gasteizen garraio publikoan eta hiri-mugikortasunean aurrerapaso bat izango da. Zerbitzua martxan jartzea albiste bikaina da gure hiriarentzat". Martxoaren 1etik aurrera BEI lineako bidaiariek ordaindu egin beharko dituzte bidaiak, bai autobus elektrikoetan bai ohikoetan. Horretarako, autobusean sartu aurretik baliozkotu egin behar dute BAT txartela (edo Mugi edo Barik) markesinetan dauden makinetan, edo txartela erosi, eskudirutan ordainduta, horretarako gaitutako makinetan. Datozen asteetan jarriko da martxan banku txartelaz ordaintzeko aukera. Mendizorrotzeko eta Bulebarreko geltokietan BAT txartela erosteko aukera izango da.

Txartela autobusetik kanpo baliozkotzen denez, edozein atetatik sartu ahalko da autobusetan. Horrek geltokietako denbora gutxitzen lagunduko du. Kontuan izan behar da autobus-sareko beste linea batzuek ere autobus elektrikoaren geltoki berak erabiltzen dituztela. Kasu horietan, autobusean bertan baliozkotu edo erosi behar da BAT txartela, orain arte bezala. BEI autobusetan gidari talde profesionala arituko da lehen egunetik. Izan ere, Tuvisak 45 pertsona izango ditu BEI zerbitzuko autobusak gidatzeko, eta horretarako prestakuntza izan dute.

Udalak 9 milioi euroko inbertsioa eginda, puntako teknologia izango duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo elkartuko dituzte. Tuvisaren 2. linean eskainiko dute zerbitzua, eta tarte osoan 3 milioi erabiltzaileri zerbitzua eskaintzeko ahalmena izango dute. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide