Manzanosko isilpeko ehizaren auzia 5.000 euroko isun batekin itxi da

Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 12:10
Beste kasu batean agertutako orkatz baten gorpua, Gorbeiako parke naturalean. / I.G.URIBE

Isilpeko bi ehiztari babestu eta isunik gabe uzteagatik Mendietako foru zuzendariaren aurka irekitako prozesu judiziala 5.000 euroko isun batekin itxi dute. Akordioa erdietsita, dokumentu ofiziala faltsutu izana aitortu du Ibai Portuk.

Azken orduetan hainbat hedabidek argitaratu dutenez, Manzanos auzian inplikatutako hiru aldeak —defentsa, Fiskaltza eta Apadevi elkarte animalistaren herri akusazioa— akordio batera iritsi dira Gasteizko epaitegietan: Ibai Portu Arabako Foru Aldundiko Mendietako Zerbitzuko egungo zuzendariak bere erantzukizuna onartu eta "dokumentu ofiziala faltsutzearen" delitua aitortu du.

Beraz, ez da ahozko epaiketarik egingo —lau urte arteko kartzela zigorra eskatzen zuen akusazioak, frogak ezkutatzea egotzita—, eta 5.000 euroko isuna ordainduko du foru zuzendariak. Horrez gain, zehapen-espedienteak ebaztea dakarren kargurik ezingo du bete urtebeteko epean.

Gertakariak 2017ko maiatzaren 14an izan ziren, Manzanosko barrutian (Erriberabeitia). Bi lekukoen arabera, enpresa pribatu batentzat baimenik gabe lan egiten ari ziren isilpeko bi ehiztarik orkatz bat tirokatu eta arrastaka eraman zuten; ondoren, burua moztu zioten. Lekukoek gertatutakoaren berri eman zioten Andoni Diaz Aldundiko basozainari, eta berak topatu zituen bururik gabeko animaliaren gorpua eta arma bat. Bi salaketak eta Diazek izapidetutako zehapen-espedientea zehapen ekonomiko txiki batean geratu ziren Mendietako foru zuzendariaren bulegora iritsi zenean, ordutegiz kanpo ehiza egiteagatik.

Herri akusazioaren abokatu Maria Gironak "oso positibotzat" jo du akordioa, "justizia egin" dela azpimarratuz. Bere aldetik, Andoni Diaz basozainak "garaipen legal" gisa ospatu du Mendietako zuzendariak bere erantzukizuna eta irregulartasunak onartu izana. Izan ere, Aldundiak diziplina-espediente bat ireki zion 2021eko hasieran, eta Diazek "errepresaliak eta jazarpena" salatu zituen; hala ere, espedientea duela gutxi artxibatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide