Ehiza-zigorretan irregulartasunak salatu zituen basozainari espedientea ireki dio Aldundiak

Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 14:30

Andoni Diazek irregulartasunak salatu zituen 2017an. / ANDONI DIAZ

Andoni Diazek 2017an salatu zuen ehiztariei mendian jartzen zizkien salaketak Aldundiko bulegoetan artxibatzen zirela; orain, Aldundiak diziplina-espedientea ireki dio. "Errepresalia" baten ondorio dela salatu du basozainak.

2017an, Andoni Diaz Aldundiko basozainak Fiskaltzara jo zuen, ehiztariei mendian jartzen zizkien zigor batzuk Aldundiak murriztu edo artxibatu egiten zituela salatzeko.

Ia 28 urtez basozain gisa lan egin du Andonik, eta irregulartasun horien berri eman zien bere arduradunei. Baina ezer egiten ez zutela ikusirik, auzitara jotzea erabaki zuen.

Aldundiak gertatutakoa ukatu zuen. Fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen, eta ustezko prebarikazio delitu baten susmoak epaitegietara eraman zituen. Azkenean, auzia artxibatu egin zuten.

Auzi bat zabalik

Beranduago, 2020ko abenduan, basozainaren salaketaren ondorioz Diputazioko Mendi Zerbitzuko burua epaituko dutela ezagutu genuen. Dokumentuak faltsutzea egotzi diote, eta Fiskaltzaren zein instrukzioko epailearen ustez, "zigor espedienteak tramitatzea saihestu zuen, ehiza legearen urraketak zigorrik gabe utziz".

SER Vitoria irratiak argitaratu duenez, akusatuak epaiketa saihesteko aurkeztu duen lehen helegitea atzera bota dute.

"Errepresalia"

Orain, Arabako Foru Aldundiak diziplina-espediente bat ireki dio Andoni Diazi. Berak salatu duenez, diziplina espedientea "errepresalia" baten ondorio da, Aldundiaren jokabidea Fiskaltzaren aurrean salatzeagatik. Oraingoz, espedientea irekitzeko arrazoiak ofizialki ezagutzeko zain dago. "Bide luzea izaten ari da, gogorra, zulo askorekin, eta ez da erraza Arabako Foru Aldundia bezalako erraldoi baten aurka borrokatzea", azaldu du.

"Nola da posible norbaiti espediente bat irekitzea bere lana ondo egiteagatik? Ez da bidezkoa ni diziplina-espediente baten aurrean egotea, administrazioak egindako bidegabekeriak argitara ateratzeagatik", salatu du Diazek.

Halaber, eskerrak eman dizkie senide, lagun, abokatu, elkarte eta bestelakoei, jasotzen ari den babes guztiagatik: "Nire borrokarekin jarraitzeko indarra hortik ateratzen ari naiz".

 

Datuak

EH Bilduren galdera bati emandako erantzunaren arabera, 2014 eta 2016 artean basozainek jarritako 180 salaketetatik ia erdiek ez zuten aurrera egin: 86 artxibatu, iraungi edo hasi gabe geratu ziren; beste 18 zigor graduz jaitsi zituzten 13 oso larri izatetik larri izatera eta 5 larri izatetik arin izatera.

Iñaki Ullibarri EH Bilduko ordezkariaren ustez, "Andoni Nekazaritza Saileko funtzionario batengandik jasaten ari den jazarpena guztiz onartezina da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide