Feten saria irabazi du Teatro Paraisok 'Leihoak' lanarekin

Erredakzioa 2022ko ots. 21a, 17:26
Joan den azaroan aurkeztu zuten 'Leihoak' lanak. / Teatro Paraiso

Haurtzarorako ikuskizun onena aukeratu dute Gijongo arte eszenikoen nazioarteko azokan

Teatro Paraiso antzerki talde gasteiztarraren ibilbide oparoari beste sari bat gehitu zaio gaur. Lehen haurtzarorako ikuskizun onenaren Feten saria jaso du 'Leihoak' lanak, Gijongo haurrentzako arte eszenikoen Europako azokan. Jesus Nietok idatzi eta zuzenduta, Rosa A. Garcia, Jone Amezaga eta Miren Lizeaga ditu aktore 2 eta 5 urte bitarteko haurrei eta familiakoei zuzendutako lanak.

Obra joan den azaroan estreinatu zuten Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian. Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza ere izan du lanak. Antzerkia talde-lana dela gogoratu du Pilar Lopez konpainiako zuzendariak, "eta honaino iritsi ahal izateko, leiho honetara begiratu ahal izateko, zortea izan dugu bultzatu gaituzten egitura eta pertsona asko izan ditugulako". Alde batetik, Mapping proiektu europarra gogoratu du, eta bestetik, bi antzoki, Gasteizko Principal Antzokia eta Teatro Circo Murcia, Leihoak sortzeko prozesuan lagundu dituztenak. "Lan konplexua" izan zen, pandemia betean garatu behar izan zutelako. "Denok gonbidatu nahi zaituztegu, txikiak zein helduak, irudimenaren eta sormenaren leiho honetara. Inoiz baino gehiago behar dugu leiho hori, giza esentziarekin topo egitera bultzatzen gaituelako, eta gogorarazten digulako aurrera jarraitzeko emozioa eta gaitasuna behar ditugula ezerezetik abiatuta etorkizun hobea eraikitzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide