Euskal Autonomia Erkidegoan 200 hektarea inguru daude fruitu lehorreko laboreekin; batik bat, intxaurrondoak, almendrondoak eta hur-arbolak landatuta dituzte horietan, baina ia autokontsumorako dira eta merkaturatzeko aukera txikia da oraindik. Alta, administrazioen kalkuluen arabera, 400 hektarea oskoldun fruta-arbol gehiago behar dira eskaerari erantzuteko.
Neiker zentroak emandako azken datuen arabera, gero eta fruitu lehor gehiago kontsumitzen da EAEn: %5eko igoera urtean. Izan ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren datuen arabera, 2020an, lau kilo inguru kontsumitu ziren pertsonako, eta horietatik kilo bat inguru intxaurrak izan ziren.
Hala ere, elikagai horien ekoizpena eskariaren azpitik dago, eta erkidegoan kontsumitzen denaren %20 baino ez da Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan ekoizten.
Zanbranako finka esperimentala
Testuinguru horretan, Añanako Landa Garapenereako Elkarteak eta Neikerrek Euskadi, fruitu lehorretarako aukera informazio saioa egin dute, oskoldun fruta-arbolek, batez ere intxaurrondoek, lehen sektorerako duten potentziala erakusteko helburuarekin. Mota horretako laboreak ezartzeak eskaintzen dituen aukeretan interesa duten hogeita hamar bat nekazarik parte hartu dute lan saioan, eta Eusko Jaurlaritzako, ADR Añanako, UAGA eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariak ere izan dira bertan.
Azken boladan, Neikerrek eta Añanako Garapen Agentziak Zanbranako lursail batean bideragarritasun teknikoko eta ekonomikoko probak egiten ari dira. Finka horretan, hautatutako barietateen bideragarritasun teknikoa, zonaren potentzial agroklimatikoa eta fruitu lehorren hazkundea aztertzen ari da zentro teknologikoa, baita beraien errentagarritasuna ere, Araban fruta-arbolen ekoizpenean sartzea sustatzeko helburuarekin. Zanbranako saiakuntzak intxaurrondoekin egiten ari dira, batez ere, baina baita almendrondo eta hurrondoekin. Zehazki, intxaurrondoei dagokienez, Frantziar barietate bat eta Kaliforniako bi barietate aztertzen ari dira, oskol finagoa eta fruitu mamitsuagoa dutenak, kontsumitzaileak asko baloratzen dituen ezaugarriak.
Horretaz gainera oskoldun fruta-arbolak eraldatzeko eta fruitu lehorrak merkatura iristea errazteko beste ekimen pribatu batzuk gehitu dira, kalitate bereiziko ekoizpena tokiko banaketa eta salmentarekin lotuz. Ildo horretan, Gregorio eta Javier Torre anaiak oskoldun fruta-arbolak prozesatzeko zentro batean ari dira lanean, bildutako fruituak lehortzeko, zuritzeko, kalibratzeko eta poltsikoratzeko, eta tokiko merkatuak hurbileko fruitu lehorrak izan ditzan laguntzeko.
Amaia Ortiz Neikerreko Landare Ekoizpen eta Babeserako saileko arduradunaren esanetan, labore hauek "produkzioa dibertsifikatzea eta ustiategien errentagarritasuna areagotzea ahalbidetzen dute, azalera txikian balio ekonomiko handia ematen dutelako".