Paul Urkijok 2018an estreinatu zuen Errementari, bere lehen film luzea. Azken lau urteetako lanaren ostean, labetik ateratzeko ia prest dago bere bigarren pelikula, Irati. Dagoeneko postprodukzio fasean dago, baina hainbat iragarpen egin dituzte azken egunetan.
Alde batetik, Variety hedabideak esklusiban argitaratu du Filmax konpainia nazioarteko merkatuan filma banatzeaz arduratuko dela, eta, gainera, filmaren inguruko hainbat xehetasun aurreratu ditu. Bestalde, gaur bertan filmaren teaser posterra (aurrerapena) eta istorioaren inguruko xehetasun gehiago aurkeztu dituzte RTVEk eta EITBk —produkzioaren babesleen artean daude—: "Izena duen guztia, bada", dio kartelak.
Jon Muñoz Otaegi eta Juan Luis Landaren Iratiren zikloa eleberri grafikoan libreki inspiratuta eta VIII. mendeko aro historiko ilunean girotuta —Orreagako Batailaren garaian—, Irati filmak zinema historikoa eta fantastikoa uztartuko ditu, euskal mitologiaren eragin nabarmenarekin.
Aktoreen artean, Euskal Herriko zinemagintzaren aurpegi ezagun ugari daude: besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate, Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre edo Kepa Errasti.
Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Huescako hainbat lekutan filmatu dute, 2021eko azarora arte; horien artean, Loarreko Gaztelua eta Arrikrutz, La Leze edo Pozalagua haitzuloak bezalako kokapen historiko enblematikoetan.
Zer istorio kontatuko du Iratik?
Kristautasuna Europan zehar hedatzen ari da, sinesmen paganoak desagertzen diren bitartean. Karlomagnoren armadak Pirinioak zeharkatuz egindako erasoaren aurrean, haraneko liderrak laguntza eskatzen die jainkoei. Odol itun baten bidez, etsaia garaitzen du bere bizia ordainetan emanez. Baina, lehenago, bere seme Enekori agintzen dio bere herria babestu eta gidatzea aro berrian
Bere aitak eta aitonak bezala, bailarako liderra izateko bere balioa erakutsi beharko du Enekok, protagonista dugun gazte nobleak. Horretarako, kondaira mitologiko zaharrez beteriko mundu bitxi eta misteriotsu batean murgilduko da, Irati izeneko neska pagano baten laguntzarekin. Bi gazteak baso bitxi eta deseroso batean sartuko dira; bertan, izena duen guztia existitzen da.