Trail running lasterketa batek Santa Maria katedrala eta Gorbeia lotuko ditu

Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 13:50
Gorbeia mendiaren gurutzean amaituko da 26,5 kilometroko ibilbidea. / ALEA

Maiatzaren 22an, Gasteizko Santa Maria katedraletik Gorbeiako gurutzeraino iritsiko da trail running lasterketa berri bat. 26,5 kilometro, 1.057 metroko desnibel positiboa eta 700 lasterkari izango ditu.

Hitzordu berri bat Arabako trail running-arentzat: Katedral Zaharra- Gorbeiako Gurutzea izeneko lasterketa herrikoia. Vital Fundazioak eta Ascentium-ek sustatutako probak Gasteizko punturik garaiena —Santa Maria katedrala— eta Arabako gailurrik altuena —Gorbeia mendiko tontorra— lotuko ditu maiatzaren 22an.

Goiz goizetik abiatuta, 26,5 kilometroko zirkuitu lineala eta 1.057 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute lasterkariek. Arabako hiriburuko hainbat kaletatik igaro ostean, Mendiguren, Etxabarri Ibiña, Berrikano, Gopegi, Larrinoa eta Murua bezalako herrietatik pasako da, eta errepide probintzial zein nekazaritza pistetatik iritsiko da Gorbeiako Parke Naturalera; bertan, hainbat mendi-bidezidor zeharkatuko ditu EAEko hiru handienetako bat den Gorbeiako gailurrera iritsi aurretik.

Lehen edizio honetan, dortsal kopurua 700era mugatu dut. www.catedralviejacruzdelgorbea.com webgunean zena emateko epea bihar, otsailaren 18an, irekiko da, 12:00etan; eta maiatzaren 21era bitartean izango da zabalik. Martxoaren 15a baino lehen izena ematen dutenek 30 euro ordainduko dituzte; martxoaren 16tik apirilaren 15era bitartean egiten dutenek, 32 euro; apirilaren 16tik maiatzaren 15era bitartean egiten dutenek, 35 euro; azken egunetara itxoiten dutenek, berriz, 40 euroko kuota ordaindu beharko dute.

Lau kategoria izango ditu probak: gizonezkoak, emakumezkoak, beteranoak —45 urtetik gorako gizonezkoentzat eta 41 urtetik gorako emakumezkoentzat— eta taldeak —gehienez bost kide—.

Ibilbidea eta denborak

  • 8:30: Santa Maria Katedraleko plaza.
  • Anoa likidoko eta solidoko lau puntu:
    • Mendigurenen (7. kilometroa)
    • Berrikanon (13. kilometroa)
    • Muruan (18. kilometroa igoeran eta 23. kilometroa jaitsieran).
  • Gorbeiako gailurrean, espazioaren eta ingurunearen berezitasunak direla eta, ez da anoa-punturik jarriko.

Lasterketa egin ahal izateko gehienezko denbora hiru ordu eta 30 minutukoa izango da. Bestalde, eten-puntuak honako toki hauetan izango dira: Etxebarri Ibiñan (ordu bat eta 20 minutu), Muruan (bi ordu eta 10 minutu) eta pagadiaren sarreran, 23,5 kilometroan (3 ordu).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide