Bueltan da Fotoarte, 1.000 euro arteko sariekin

Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 12:21

Literatura izango du ardatz aurtengo lehiaketak. / Pixabay

Literatura izango da argazki lehiaketaren aurtengo gaia; martxoaren 20ra arte aurkez daitezke lanak.

Urtebeteko etenaren ostean, bueltan da Fotoarte argazki lehiaketa. Herritarrak argazkilaritzara gerturatzea, sormena bultzatzea eta sorkuntza-prozesua sustatzea du helburu, eta dagoeneko sendotuta dago", azaldu du kultura zinegotzi Estibaliz Cantok 17. edizioaren aurkezpenean.

Lehiaketak bi fase izango ditu, ohi bezala. Lehenengoa, lehiaketa bera, martxoaren 20ara bitartean izango da; interesdunek udalaren webgunearen bidez parte hartu ahalko dute, epe horren barruan.  Artista bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu lehiaketara, eta horien gai nagusia literatura izango da.

Hiru sari egongo dira: 1000 euro lehenarentzat, 700 euro bigarrenarentzat, eta 400 euro bertako artista batentzat; 150 euroko bi accesit ere emango dira. Bertako artistarentzako saria Gasteizen bizi diren edo bertan lanean edo ikasten ari diren pertsonek aurkeztutako lanen artean hautatuko da. Argazkigintzan eta artean eskarmentu handia duten hiru pertsonak osatuko dute epaimahaia.

Erakusketa ibiltaria

Bigarren fasea maiatzaren 31n hasiko da, 19:00etan, Pilarreko gizarte-etxean: saritutako lanen aurkezpen-gala egingo da, eta epaimahaiak hautatutako 32 argazkien erakusketa ibiltaria inauguratuko. Ondoren, beste gizarte-etxe batzuetan jarriko da ikusgai erakusketa. Udalaren webguneko gune birtual batean ere ikusi ahalko da.

Aldi berean, herritar guztiei zuzendutako jarduera osagarriak antolatuko dira: hitzaldiak, solasaldiak, lantegi praktikoak, mahai-inguruak eta erakusketak; aurrerago emango da horien berri.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide