Parke fotovoltaiko bat eraiki nahi dute Miñao eta Legutio artean

Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 10:00

Ekian parke fotovoltaikoa, Arasur industrialdean (Ribabellosa). / Argazkia: KREAN

Miñao eta Legutio artean parke fotovoltaiko bat jartzeko proiektu baten berri eman du Miguel de Los Toyos sailburuordeak. EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak "uko egin diola trantsizio energetiko ordenatu bat egiteari", eta informazio gehiago eskatu du.

Asteazken honetan, Langraiztik Goiaineraino doan Arabako Berrikuntza Arkuari buruzko Ekintza Planari buruz EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean egindako galdera baten aurrean, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de Los Toyosek jakitera eman du Miñao eta Legutio artean parke fotovoltaiko bat eraikitzeko proposamen bat dagoela.

Jaurlaritzak mahai gainean duen proposamenaren arabera, azpiegiturak Foronda, Miñao eta Legutio lotuko lituzke AP-1 errepidearen ardatzetik, Berrikuntzaren Arkuaren barruan kokatuko litzateke, eta Arasur industrialdeko Ekian parke fotovoltaikoaren antzekoa izango litzateke; azken parke horrek 55 hektarea inguru hartzen ditu, 355 watteko 67.000 eguzki-plakarekin. Oraingoz, sailburuordeak ez du datu gehiagorik eskaini.

"Desordena eta egoera kaotikoa"

Beste behin ere, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok belarrietatik tira egin dio Eusko Jaurlaritzari, energia berriztagarrien proiektuekiko "desordena eta egoera kaotikoa" direla eta. Oterok salatu du energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial (LPS) berri bat egiteko atzerapena: "Guztiz onartezina da, eta ikusten ari garena da Lakuak uko egiten diola trantsizio energetiko ordenatu bat egiteari; hori ez da onargarria energia berriztagarriko proiektuen irakinaldia dagoenean".

Horren aurrean, legebiltzarkide talde subiranistak bost galdera parlamentario luzatu dizkio sailburuari: "Nork egin dio eskaera Sailari baratz fotovoltaiko berri honen kokalekuak aztertzeko? Noiz? Zein azalera eta potentziarako kokalekuak aztertzen ari da Saila? Ba al du Sailak kokaleku proposamen zehatzik? Ez badu, zein da denbora aurreikuspena proposamen hau edo hauek izateko?". Azkenik, proiektuaren inguruan egon litekeen dokumentazioaren kopia eskatu du Mikel Oterok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago