Memoriaren Parkea inauguratuko du Samaniegok igandean

Erredakzioa 2022ko ots. 16a, 13:49

La Custiera izeneko parkean egingo dute ekitaldia. / Samaniegoko Udala

Inaugurazioarekin batera, omenaldia egingo diete Arabako Errioxako errepresaliatu guztiei. 

Memoriaren Parkea inauguratuko du igandean Samaniegok, 12:00etatik aurrera egingo den ekitaldian, La Custiera parkean. Inaugurazioarekin batera, omenaldia egingo zaie Arabako Errioxako errepresaliatu guztiei. Ekilore ekimenak 2016an antolatutako ekitaldiaren ondoren, hori izango da Arabako Errioxako frankismoaren biktimei antolatutako lehen ekitaldi instituzionala.

"Gaur egun oraindik zaila da jakitea zer-nolako ondorioak izan zituen gure eskualdean 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondorengo errepresioak”, azaldu du herriko alkate Pili Garmendiak. Izan ere, gerra-fronterik izan ez zen arren, bertako herritarrek errepresioa jasan zuten modu ezberdinetan: fusilatzeak, epaiketak, kartzela, isunak, lan-batailoiak, erbestea... Azaldu dutenez, gaur egun, ez dago eskualdean fusilatutako pertsonen kopuru zehatzik. Jose Antoniok eta Luis Martinez Mendiluzek bildutako datuen arabera, 27 lagun hil zituzten Arabako Errioxan. Bastidako beste bi herritar ere hil zituzten, Arabatik kanpo. Urte batzuk geroago, Txema Floresek eta Iñaki Gil Basterrak bildutako datuen arabera, Arabako Errioxako 33 bizilagun erail dituzte, eta horiei beste bost gehitu behar zaizkie, identifikatu gabe daudenak, Guardian aurkitutakoak, eta beste zortzi Bastidan aurkitutakoak. Javier Gomez Calvok, berriz, 1936-1945 bitartean altxatuek Araban hil, paseatu eta exekutatu zituzten 34 pertsona zirela zehaztu zuen.

"Samaniego Arabako herri oso errepublikarra zen eta zerrenda ezkertiarrek hauteskunde guztietan gehiengo handiagatik irabazten zuten. Horregatik, errepresio frankista ideologia horretako pertsonengan erori zen", azaldu du alkateak. Samaniegoko bi bizilagun espetxeratu zituzten; Ignacio Martiinez Navaridasek hamabi urte eta egun bateko kartzela-zigorra jaso zituen, Mugimendu Nazionalaren aurka egiteagatik, eta Pedro Navaridas Saenz de Samaniego hamabi urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten Errepublika defendatzeko Agintaritza Militarraren aurka egiteagatik. Beste bi bizilagunek, Migel Navaridasek eta Vicente Romerok, eremu errepublikanora ihes egin zuten eta beste zortzi bizilagunek isunak ordaindu behar izan zituzten. Horrez gain, Samaniegoko beste bizilagun bat, Basilia Gonzalez Bergonzo, Gernikako bonbardaketan hil zuten 1937ko apirilaren 26an; 56 urte zituen eta ezkonduta zegoen, eta haren gorpuzkiak bertan daude.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago