Dena prest da Goya sarietarako. Espainiako Zinema Akademiak larunbatean emango ditu, Valentzian, iazko zinema uzta onenaren arteko sariak. Eta, iaz bezala, aurten ere bada arabarren artean hautagairik. Aktore lanengatik dira biak: Maria Cerezuela eta Fernando Albizu.
Hamalau sailetan izendatu dute Iciar Bollain zuzendariaren Maixabel pelikula, eta tartean emakumezko aktore berri onenen artean lehiatuko da Maria Cerezuela gasteiztarra; Maria Jauregiren lana egiten du, Maixabel Lasa eta Juan Mari Jauregiren alabarena. Harekin batera, Almudena Amor (El buen patrón), Angela Cervantes (Chavalas) eta Nicolle Garcia (Libertad) dira sari horretarako hautagaiak.
Aktore moduan ibilbide zabala egin duen Fernando Albizu ere bigarren mailako aktore onenen sailean izango da lehian El buen patrón pelikulan egindako lanagatik. Pelikula bereko Celso Bugallo eta Manolo Solo ere hautatu dituzte sail berean, Urko Olazabalekin (Maixabel) batera.
Hogei nominazio ditu 'El buen patrón' pelikulak, tartean Fernando Albizurena. / 'El buen patrón'