Koronabirusa

Osasun larrialdia bertan behera utzi du Jaurlaritzak

Erredakzioa 2022ko ots. 10a, 18:39

Gaur bildu da LABI batzordea, neurri murriztaileen inguruan erabakitzeko. IREKIA

Astelehenetik aurrera soilik Madrilek zehaztutako neurri murriztaileak mantenduko dira. Ostalaritzan ohiko ordutegi eta edukierak berreskuratuko dira.

Jaurlaritzak bertan behera utziko du larrialdi egoera, Iñigo Urkullu lehendakariak ezagutzera eman duenez. Hortaz, astelenetik aurrera soilik indarrean egongo dira Madrilgo gobernuak ezarritako neurriak, hala nola maskara barruko espazioetan erabiltzeko betebeharra edota ekitaldi jendetsuetan bermatu beharreko edukiera mugak.

Beraz, astelehenik aurrera, ostalaritzan, kulturan eta gau aisialdian ohiko ordutegiak eta edukierak berreskuratuko dira.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur arratsaldean eman du LABI batzordeak hartutako erabakiaren berri. Atzo bildu zen LABI zientifiko-teknikoa, eta gaurko bileran, LABI politikoan, arauei buruzko erabakiak hartu dituzte.

Erabakia babesteko, Urkulluk zenbait adierazletara jo du. Aipatu du herritarren %93 txertatuta daudela, eta %62k errefortzu dosi bat hartu dutela. Horri gehitu behar zaio, argudiatu duenez, seigarren olatuan jazotako kutsatze masiboak "immunitatea" indartu duela.

Ospitaleen egoerari dagokionez, lehendakariak nabarmendu du beherako joera dagoela, bai eta ZIUetan ere. Adierazle guztiek erakusten dute joera hori mantenduko dela, lehendakariaren aburuz.

Espainiako Gobernuaren erabakiaz, gaur izan da lehen eguna musukoa kalean nahitaezkoa ez dena, aurretik ere horren erabilera guztiz zabalduta ez zegoen arren, batez ere hirietatik kanpo.

Egoera bihartik aurrera aldatuko ere ikastetxeetan. Izan ere, gaur goizean Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun saileko teknikariek osatutako jarraipen batzordeak hezkuntzaren alorrean jarraitu beharreko prebentzio neurrien protokoloa berritu du. Erabaki dutenez, patio orduetan ikasleek ez dute halabeharrez maskara erabili beharko, orain arte egiten zuten bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago