Bihar otsailaren 11rekin batera ospatuko den Emakume eta Neska zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, Arabako zenbait emakume zientzialariren lana ikusgarriagoa izango da, zenbait saltokitako erakusleihotan poster batzuen bidez lan horren berri emango dutelako.
Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, 98 saltokik bat egin dute ekimenarekin. Arabaren kasuan, zabaldutako prentsa oharrean diputazioak ez du momentuz zehaztu zenbat izango diren. Emakume horien biografiak webgune honetan ikusgai daude.
Aldundiak, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta Deustuko Unibertsitateak bultzatzen duten ekimenaren bitartez, ikasleen artean, eta bereziki nesken artean, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatu nahi dituzte.
Inspira STEAM programaren barruan egiten den ekimena da, alor hori bereziki neska eta emakumeen artean sustatzeko. Izan ere, STEM Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika hartzen dituen ingelesezko akronimoa da –zenbaitetan, A bat gehitzen zaio, 'artea' kontzeptua gaineratuz–.
Diputazioak argitu duenez, "Arabako STEM emakume profesionalen biografia txikia, argazkia eta sektorean duen esperientziarekin erlazionatutako aipamena jasotzen duten hainbat poster banatu dira".
Gogora ekarri dutenez, unibertsitateetan daudenen %56 emakumeak dira, baina titulazio teknikoetan portzentajea asko jaisten da. Kasurako, komunikazio eta informazioaren teknologien kasuan %16 baino ez dira, eta %30 dira mekanika, elektronika, industria edo eraikuntzari lotutako graduetan.