EAk eten egin dio afiliazioa Iratxe Lopez de Aberasturiri

Erredakzioa 2022ko ots. 10a, 12:02

EH Bilduren Gasteizko zinegotzia da Iratxe Lopez de Aberasturi. / EH Bildu

Lau urtez etengo diete militantzia Iratxe Lopez de Aberasturiri, Maiorga Ramirezi, Mikel Goenagari, Miren Aranoari eta Esther Korresi.

EAk jakinarazi duenez, Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu du Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi –EH Bilduren Gasteizko zinegotzia–, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen aurka 2021eko irailean irekitako zehapen-espedientearen instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamena, eta, horren arabera, alderdiko kidegoa etengo diete. "Frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau-hauste larri eta oso larriak egin dituztela".

EAren arabera, hainbat artikulu urratu dituztela frogatuta geratu da: kargu publikoaren lanetan alderdiaren edo alderdiak egin ditzakeen koalizioen estrategiaren aurka egitea, alderdiaren aurretiko baimena izan gabe adierazpen publikoak egin dituztela eta EAko afiliatu, jarraitzaile, langile edo kargu publikoei hitzez edo egitez tratu txarrak edo errespetu eta begirune falta larria izatea.

Kongresua

Ramirez, Lopez de Aberasturi, Goenaga, Aranoa eta Korresen afiliazio-etendura otsailaren 21etik aurrera izango da indarrean; beraz, XIII. Kongresuan parte hartu ahal izango dute. Alderdiaren Biltzar Nazionala, hilaren 19an eta 20an egitekoa da. Ejekutibako kide batek hala proposatuta, otsailaren 21ean sartuko da indarrean bost afiliatu hauen zigorra, horrela EAren Kongresuan parte hartzea bermatzen zaielarik, hurrengo lau urtetarako oinarri politikoak, estatutuak eta zuzendaritza berriaren bozketan parte hartu ahal izan dezaten, bai eta euren burua zuzendaritzarako aurkezteko aukera izan dezaten. "Zehatutako bost pertsonek, Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian aurreikusita dagoen bezala, 30 eguneko epea izango dute alderdiaren Bermapide Batzordeari errekurtsoa aurkezteko, behin zehapena indarrean jarri ondoren".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago