Maria Angeles Garcia Fidalgo zientzialaria izango da aurtengo San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaietako pregoilaria, Arabako Aldundiak gaur goizean ezagutzera eman duenez.
"Osasunaren gaineko ikerketari eta zientziari egindako keinu argia" izan da aukeraketa, foru erakundeak ohar batean azaldu duenez.
Zientzia Fisikoetan lizentziaduna da Garcia Fidalgo, eta ospitaleko erradiofisikan aditua. Bioarabako zientzia zuzendaria da egun.
EHUn irakasle gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, baina berehala arlo klinikora jauzi egin zuen. Bertan 25 urte baino gehiago daramatza. OSI Arabako Medikuntza Fisikaren zerbitzuburua izan zen, eta, besteak beste, Babes Erradiologikorako Espainiako Elkartearen Espainiako batzordekide izandakoa da ere.
Ikerketari dagokionez, haren espezialitateari lotutako hainbat gaitan sakondu du: besteak beste, gaixoen historial dosimetrikoa, irradiazioen erabileraren optimizazioa, larruazal artifizialak sortzeko zelulen irradiazioa edota irudi bitartez gidatutako biopsiak.