Gasteizko elizbarrutiak duen egoeragatik "kezka" agertu dute 500 bat kristauk Religión Digital agerkarian argitaratutako gutun batean. Salaketa horren arabera, Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzaina "aldebakarreko erabaki autoritarioak eta partzialak" hartzen ari da.
Lau lagun dira hedabidean izen-abizenak eman dituztenak: Maria Jesus Olarte, Jose Maria Agirre, Amelia Sanchez eta Ricardo Arrieta. Alabaina, idazki horren arabera, horiez gain "500 kristauk" sinatu dute hausnarketa.
Testuan jasotakoaren arabera, gotzainak arreta gehiago jartzen du "hizkeran eta erritualetan", elizaren jardunean "parte hartzen dutenen edo egin nahiko luketen lagunen beharretan baino". Are, sinatzaileen arabera gaur egun Arabako Elizaren giroak ez du aukera ematen "benetako aniztasun sortzaile eta elkarrizketatzaile" bat sortzeko. "Euskal Eliza bezala gure nortasun ezaugarriak lausotzen ari dira", erantsi dute.
Aipatu dituzte egindako azken bi seminariotan gotzainak "alde kontserbadorea" bultzatu duela, eta zenbait parrokiatan "haren lerroa babesten duten lagunak" izendatu dituela, aintzat hartu gabe "pertsona laikoak eta arlo diozesiarrean eskarmentu handia duten apaizak".
Gasteizko Elizbarrutiak agiri baten bitartez erantzun dio –hitzez hitz–, "lau lagunek sinatutako" gutunari. Agiriak babestu du Elizaldek "behin eta berriz" berretsi duela Elizak "handitasun nahikoa duela sentsibilitate eta izaera guztiak bere gain hartzeko". Modu berean, Elizan "guztiontzako espazioa" dagoela dio. "Nahikoa da parrokietan zehar ibiltzea, dagoen aniztasunaz jabetzeko".
Elizbarrutiaren agiriak ere hitz gogorrak erabili ditu idazkiaren kontra, eta zeharka gutun horren atzean kutsu xenofoboa dagoela iradoki du. Izan ere, elizbarrutiaren erantzunean lau aldiz egiten zaie erreferentzia etorkinei. "Oraingo hogei seminaristak aire freskoko ahokada dira, eta itxaropena dira", azpimarratu dute. Aldiz, elizbarrutiaren arabera "atzematen da komunitate askotako kristau asko gogaituta daudela azken hamarkadetan nagusi izan diren lehentasun eta azentuekiko". Diotenez, "anakronikoa, uniformea, ideologizatua eta sekularizatua" da sinatzaileek babesten duten eliza eredua.