Armak non dauden uneoro jakin ahalko da

Erredakzioa 2022ko ots. 4a, 16:53
Ehiztariek "begi onez" hartu dute aplikazioa. ALEA

Arabak ehiza uxaldiak denbora errealean non dauden jakiteko webgune berezi bat prestatu du. Diputazioaren arabera, ehiztariek ondo hartu dute "mendiko erabilera ezberdinak ondo araututa egotea".

Arabako Diputazioak asteburuetan ehiza uxaldiak non egiten ari diren ezagutarazteko webgune berezi bat jarri du martxan. Horrela, asteburuan mendira joan nahi duten arabarrek jakin ahal izango dute non egiten ari diren ehiza uxaldi bat.

Nekazaritza Sailak sortutako sistema da, asteburuetan ingurune naturalean egiten diren jarduerak "bateragarri" egiteko helburuarekin. Modu honetan, aisialdia eta ehiztarien arteko talkak arindu nahi dituzte.

Eduardo Aginako Nekazaritza diputatuak ziurtatu du tresna berri honekin "ahalik eta ondoen antolatuko" direla, naturaz gozatzera doazen herritarren eta ehiztarien arteko jardunei erreferentzia eginez.

Aurreratu dutenez, ehiza kuadrillek aplikazio batean markatuko dute non dauden eskopetak, eta zirkulu batek zehaztuko den une horretan bertan jarduera armatua dagoela.

Prentsa ohar horretan, diputazioak nabarmendu du "mendietako erabiltzaileen harrera ona" jaso dutela, baina aurrerago zehaztu du ehiztariekin baino ez duela kontrastatu. Foru erakundearen arabera, ehiztariek "begi onez" ikusi dute "mendiko erabilera ezberdinak ondo araututa egotea".

Aplikazioaren ondoan dagoen idazki batek ohartarazten du balitekeela "uxaldia mapan agertzen den zirkuluarekin zehatz-mehatz bat ez etortzea". Modu berean, argi utzi dute ere mapa horretan agertzen den informazioak ez duela balio "ehiza istripuetarako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide