Ekhiñe Atorrasagasti Ugarte

"Arabak bere tokia izango du euskal komunitate digitalean"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko ots. 5a, 08:00
Ekhiñe Atorrasagasti Hamaika Telebistako bulegoan. HAMAIKA

2022. urtearekin batera zabaldu da Hamaika Telebista Arabara; euskarazko telebista digitalaren proiektuak hamarkada bat bete duen urtean Gasteizko erredakzioa estreinatu du lantalde propioarekin.

Gasteizko Habana kalean erredakzioa martxan jarri du Hamaika Telebistak abenduan. Nahi baino gehiago atzeratu da Arabara egitasmoa zabaltzeko asmoa, baina dagoeneko euskaraz arituko den beste hedabide bat, kasu honetan telebista digitala, herrialdeko komunikabideen komunitatera batu da. Ekhiñe Atorrasagasti Hamaikako edukien arduradunak azpimarratu duenez, emisio propioak lantzeaz gainera, proiektua ezagutarazteko erronkari eutsiko diote hurrengo hilabeteetan.

Gasteiza zabaldu da Hamaika Telebista. Asko kostatu da?
Hamaikak sorreratik zuen erronka Arabara hedatzea, lurreko telebista digitalaren bidez, eta Euskal Herrian egin duen bere zabalpen prozesuan Araba ere kokatzen da. Egia da, Hamaikak hamarkada bat bete duen honetan Araban nahi baino beranduago zabaltzea gertatu dela, baina azkenean bete da aurreikuspen hori. Besteak beste, euskal komunitate digitala gero eta globalagoa den honetan, garrantzia duelako gertutasun eta tokikotasun hori mantentzeak. Hamaikak ere horri eusten dio, eta Iruñea, Donostia eta Bilboko erredakzioekin batera, Gasteizkoa ere martxan jartzen du. Esan genezake urte berriarekin batera Gasteizera hedatzen garela, erredakzioa martxan jartzen dugula eta martxa betean hasten duela Hamaikak 2022. urtea Gasteizko erredakziotik Araba osoari begira. 

Edukien aldetik zer eskainiko die Hamaikak arabarrei?

Hamaika Telebistaren programazioa askotarikoa da. Eduki informatiboetatik abiatuta, kultur edukiak, euskararekin lotutakoak, generoarekin, herri mugimenduekin eta musikarekin lotutakoak dira gure ardatz nagusiak. Logika bera aplikatuz, eduki informatiboekin batera izango dira Gasteiztik eta beste kuadrilletatik ere edukiak, eta saiatuko gara ahal bezainbeste mugitzen herrialdean; hau da, hanka bat Gasteizen izatea eta bestea inguruko toki ezberdinetan. Iruditzen zaigu aktualitatea eta edukiak badirela Araban, eta euskarazko telebistaren ikuspuntutik eta ekoizpenetik horri tokia egin behar diogu.

Nola aldatuko du Gasteizen kokatzeak telebistaren emisioa?

Lehena izan zen Bilboko erredakzioa eta platoa, baina honezkero Donostian eta Iruñean bezala, Gasteizek ere baditu bereak, eta horregatik hasten da emisio propioarekin. Horrek ez du esan nahi gainerako erredakzioetatik edo kanpotik ekoizten diren edukiak ez direnik ikusiko, azkenean elkar truke bat delako.

Beraz, arabarragoa izango da hemendik aurrera Hamaika?

Bai. Batetik, Arabak izango du bere ekoizpen propioa eta Arabako ekarpenarekin aberastuko dugu gainerako ekoizpena. Euskal komunitate digital global horretan Arabak bere tokia izango du eta tokikotasunetik euskal komunitatearen aktualitatea eta bestelako edukiak elikatu eta mantenduko ditugu.

Harremana izan duzue herrialdeko erakundeekin eta bestelako eragileekin?

Hamaika osatzen denean euskal kultur ekoizle eta eragile nagusiak elkartzen dira, baita Hego Euskal Herriko hedabide talde nagusiak ere. Oinarria hamar urte eta gero mantentzen da, zorionez, eta orain aurrean dugun egiteko garrantzitsua da Arabara egin den Hamaikaren hedapen hau erakunde publiko, pribatu, eragile eta bestelako mugimendu sozialei helaraztea eta gure berri ematea, interakzioa ahalik eta dinamikoena izan dadin. Hori da orain dugun egitekoa.

Beste komunikabide batzuekin elkarlana sustatzeko asmoa duzue?

Prozesu horretan buru belarri orain hasiko garenez, horrek emaitza desberdinak eman ditzake. Guk pentsatzen dugu euskarazko komunikabideen esparru horretan ekarpena egin behar duela Hamaikak, eta ildo horretan beti direla posible aliantzak, elkarlanak eta nahi beste proiektu sustatu daitezkeela komunikabide batek bere kabuz, eragile edo kultur erakunderen batekin, edo euskarazko beste komunikabide batekin, Alearekin esate baterako. Hamaikako ateak zabalik ditugu, eta hartu eman horiek garatu eta sakondu ahala, euskarazko hedabideon jarduna eta hedapen gehiago emateko bideak jorratzeko aukera dagoen heinean gu beti izango gara prest. Bide horretan Araban ere esperientzia ona izango dugula ziur gara.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide