Iragan azaroan eta abenduan jazotako uholde larrietan Astegieta eta Abetxuku izan ziren kalte handienak jaso zituzten Gasteizko herriak. URAk dagoeneko aurreratu du Zadorrako meandroan, Astegietatik igarotzean, zaharberritze lanak egingo dituela. Alta, iazko prezipitazioak ezohikoak izan direla nabarmendu du Uraren Euskal Agentziak: "Joan den azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran, ondoz ondoko bi uholde gertatu ziren mende honetan zehar erregistratutako batez besteko prezipitazio metatuaren balioak nabarmen gaindituz".
Astegieta uholde-arriskuarekiko eremu kalteberan dagoela gogoratu du URAk, eta, ondorioz, etxebizitzak uholdeekin urpean geratzen direla. Arazo hori konpontzeko, "Zadorra ibaia Gasteizko hirigunean uholdeetatik babesteko proiektuaren IV. faseari ekin behar zaio, Zadorraren edukiera hidraulikoa handitzeko Krispiñako HUAren eta Gobeoko herriaren arteko zatian". Lizitatu behar diren lanek 139.150 euroko aurrekontua dute eta sei hilabeteko epean egingo dira.
Gasteizko Udalaren ardura
Bestalde, Abetxukuko uholdea estolderiaren funtzionamendu okerrari egotzi dio URAk txosten tekniko batean. Agentziako zuzendari Antonio Aizen esanetan, Abetxukuko Presa kalean izandako uholdearen ondorioz, ia 30 bizilagun etxetik atera behar izan zituzten estoldak ez zuelako ondo funtzionatu.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ere babestu ditu URAko teknikariek ateratako ondorioak, eta, EH Bilduk eskatuta joan den hilean gertatutakoa baloratzeko Eusko Legebiltzarrari bidalitako agiri batean, Gasteizko Udalari eskatu dio "osatzeko" Zadorrako ibaiaren inguruan egin ez diren obrak, batez ere Abetxukun. Agirian jasotzen denez, "Udalak Zadorraren 2. fasearen proiektua idatzi zuen unetik ezagutzen zen euri-uren irteera bat zegoela, uholdeetan Zadorrara irits zitekeena baino baxuegia zen kota batera".
Ibaiak errespetatzea galdegin dute
Uholdeak hizpide izan ditu Zadorra Bizirik-ek ere. Plataformak adierazi duenez, "agerikoa" da Arabako hainbat herrik egoera klimatologiko kaltegarrien aurrean kalteberatasun handia dutela. Horregatik, eta "klima-aldaketak gure lurraldean sortzen duen ziurgabetasunaren aurrean", beharrezkoa da Zadorra Biziriken ustetan "iraganeko akatsak aztertzea, etorkizunean gerta daitezkeen kalte pertsonalak eta materialak zuzentzeko edo, gutxienez, ez handitzeko".
Ildo horretan, Ebroko Ur Konfederazio Hidrografikoari eskatu diote, "uren politika eraginkorra garatu ahal izateko", jabari publiko hidraulikoa mugatzea eta urak har ditzakeen eremuak zehaztea. "Era berean, beharrezkoa da herritarren eskura jartzea uholde-arriskuaren mugaketa", esan dute.
Zaiako dikea
Eta uholdeen harira berpiztu den bigarren auzi bat Zaiako dikearen obrak dira. Izan ere, 2022ko urte hasiean, URAk EAEn uholdeak saihesteko planak aurkeztu zituen, eta horien artean, Zaia ibaiko dikeari eusten dio, eta 1,3 milioi euro erreserbatu ditu obra horretarako. Dikeak Zaia ibaiaren uholdeen aurkako hesi gisa funtzionatuko luke Forondatik iparraldera, eta eremu horretan logistikako industria-nabeetarako espazioa handitu nahi da, baina urak har dezakeen eremu batean dago.
Dikerik EZ plataformak urteak daramatza Zaiako dikearen beharra zalantzan jartzen, eta dike horrek izan ditzakeen ondorioez ohartarazten. Abenduko uholdeetan, adibidez, salatu zuten Zaia ibaiak ez zuela aireportua urez bete, Zadorra ibaiak baizik. Hortaz, dikea eraikitzea "alferrikakoa" izango litzateke plataformaren ustetan. Gainera, gogoratu dute Zaiako dikearen proiektua administrazioarekiko auzi-prozesuan dagoela, eta Ebroko Ur Konfederazioak administrazioak behartu dituela A-3302 errepidea konpontzera dikea egin baino lehen.