Urte luzez Arantzazutik bertatik RDSI linea mikrofoniko baten bitartez Euskal Herriko txoko guztietan eguraldiaren iragarpena sukalderaino sartzen zuen ahotsak betirako atsedena hartu zuen atzo, horrenbeste maite zuen zerura gerturatuz. Goian bego haren arima.
Bergoglio bera baino unibertsalagoa izan zen frantziskotarraren omenez edo, oskarbi zabalak agertuko dira Arabako zeruetan ere, hegoaldeko haizearen kulunkaz lagunduta. Aurretik, baina, goizeko lainoa altxatu beharko da. Izotza egoteko arriskua handia da oraindik, eta Euskalmetek abisu horia mantendu du horregatik. Agentziaren widgetak 3 eta 12 gradu arteko aldea aurreikusten du, Gasteiz erreferentziatzat hartuta.
Bihar, berriro aldaketa hasiko da, eta goizean zehar hodeiak trinkotuko dira. Kostaldetik hurbilduko diren prezipitazioak pixkanaka gurera iritsiko dira ere arratsaldean zehar. Norabide aldakorreko haize ahul-bizia izango dugu, zenbait puntutan nahiko indartsua. Giro horrekin batera, galinstanoak berriro behera joko du, gehienezko tenperaturak 8 gradutan kokatuta.