Opilak eta koplak, negu erdian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko ots. 3a, 09:00

Egun, Santa Agedako taldeetan adin guztietako pertsonak biltzen dira. ALEA

Kandelarioren atzetik datoz San Blas eta Santa Ageda, opilak dastatzeko eta kalean abesteko ospakizun aproposak; hartza esnatzen ari dela eta inauteriak ate joka daudela iragarriko dute gauean makilek.

San Blas eta Santa Ageda eskutik hartuta datoz otsailaren hasierarekin batera herri eta hiri askotan. San Blas, ito arte hartu arnas dio esaera zaharrak. Izan ere, ohitura zaharren arabera, eztarriko mina ekiditearekin lotzen da santu hori. Eztarriko osasunaren zaindaria zen, alegia.
San Blas lokarria jartzen zuten askok lepotik zintzilik, bederatzi edo hamabi egunez, eztarriko minetik edo katarroetatik salbu izateko. Badirudi hortik etor litekeela, gainera, Santa Ageda bezperako kopla zaharretako letra ere: "Baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi degu gogoz". Horrekin batera, santuari eskainitako opilak egiten ziren, eta horiek bedeinkatu egiten ziren, familiartean jateko.

Gaur egun, kordoia lepoan oso gutxik eramaten dute; aldiz, oso ohikoa da opilak edo bestelako goxoak egitea San Blas egunaren bueltan. Paganosen eta Guardian, esate baterako, opilak beharrean hojaldreak egiten dituzte, sobada bezalako bizkotxoak. Oso tipikoa da, baita ere, San Blas bezperan okindegira joatea, orea erostea eta arratsaldean, txandaka, herritarrek herriko labean opila sartzea eta etxera eginda eramatea. Gainera, Guardian, roskoiak –emakumeentzat– eta katxeteak –mutilentzat– egiteko ohitura izaten dute. Errege-opilak dira, baina barrutik hutsik daude, eta forma bitxia dute: emakumeena biribila eta gizonezkoena zakil itxurakoa izaten da.

Txulalai dantza

Halaber, Euskal Herrian sona handiko Txulalai dantzatzen dute Paganosko bizilagunek San Blas egunarekin batera, ardo beroa banatzen dute plazan, eta San Blas suaren gainean salto egiten dute. Arabako Errioxarekin batera, San Blas ospatzeko tradizioa oso sustraitua dago Legution, Laudion edo Dulantzin. Laudion, San Blas azoka bertan behera geratu da aurten, baina hiltegiaren aldeko aldarriarekin bat eginez, Kukutzeko kideek SOS baserriak lemapean, Laudion eginiko mobilizazioan parte hartu dute.

Legution ere bi urte igaro dira azkenengo Sanblasak ospatu zituztenetik. Aurten ordea, larunbaterako hainbat ekintza antolatu ditu Legutioko Gaztetxeak. 11:00etatik hasita herri kirolak, triki-poteoa, herri bazkaria, pilota partida eta kontzertuak egingo dituzte. 
Dulantziko Udalak ere aurrera egin du San Blas jaiarekin, eta igandean izango dituzte artisauen azoka, kaleko musika animazioa eta umeentzat pailazoen ikuskizuna.

Koruak eta makilak

Otsailaren 4an, berriz, Santa Ageda bezperan, koruak aterako dira herrialde osoan. Araban, mutil gazte ezkongabeen zaindaria zen Santa Agenda, horregatik halakoak ateratzen ziren errondan, eta herriko gazteriarekin lotura handia zuen festak garai batean. Egun, adin guztietako lagunek parte hartzen dute erronda horietan, eta eskola eta ikastola gehienetan umeak baserritarrez jantzirik eta makilekin joaten dira klasera. Iragan urtean erronda ia gehienak bertan behera utzi ondoren, aurten herri askotan berreskuratuko dute abesteko tradizioa.

Gasteizen, 2020an, 1.500 lagunek parte hartu zuten, Udalaren zenbaketaren arabera, baina talde gehiago bere kabuz ibili ziren hiriko auzoetan. Ohiko erronda egin eta bere parte-hartzearen oroigarri gisa oparia jaso nahi duten abesbatzei izena emateko eskatu die Udalak, eta izen-ematea otsailaren 3ko eguerdiko hamabiak baino lehen egin behar da.

Arabako Mendialdean, berriz, erronda egingo dute herriz herri, Andere Arriolabengoa eta Ekaitz Samaniego bertsolarien laguntzarekin. Urbisun talo-janarekin hasiko dira, 18:00etan, eta Kanpezun, Antoñanan, Maeztun eta Korresen ibiliko dira. Beste herri askotan ere eutsiko diote tradizioari, eta bertsolarien parte hartzea ere izango dute Laudion, Legution, Araian, Bastidan, Agurainen eta Aramaion.

Marmotaren Eguna

Santa Ageda eta San Blas jaien atarikoa Kandelario eguna da, gure Marmotaren Eguna hain zuzen ere, eta neguaren erdia markatzen du. Herri tradizioaren arabera, otsailaren 2an negua luzea edo laburra izango den neurtzen da egun horretako eguraldiaren arabera: Kandelario bero, negua dator gero; Kandelario hotz, negua joan da motz.

Izatez, egunaren ezaugarrien arabera negua luzatuko den ala ez aurreikusteko ohitura hori AEBetan ospetsu den Marmotaren Egunarekin lotuta dago. Kandelario eta Marmotaren Eguna Europako tradizio beretik sortzen diren aurpegiaren bi alde dira, eta hibernatzen duten ugaztunek lozorroari uztearekin zerikusia dute. Euskal Herrian, marmota beharrean hartz baten esnatzearekin lotu izan ohi da Kandelario, eta Inauterien zikloaren hasiera markatzen du.

Hartzaren figura Kuartangon eta Zalduondon mantendu dute Araban. Inauteriak Santa Agedarekin batera ospatzen dituzte Kuartangon. Goizez makilekin etxez-etxe joaten dira porreroak jakiak eta dirua biltzen. Eguna ilundutakoan, hartza katez lotuta plazara jaisten dute. Aurten, hala ere, bertan behera utzi behar izan dituzte inauteriak koronabirusagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago