ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, ehunka lagun kalera atera dira igandean Gasteizen -eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan– egin den manifestazioan, Kongresuan otsailaren 3an bozkatuko den lan erreformari ezetz esateko.
"Euskal langileon bizitzan hainbesteko garrantzia duen gai baten inguruko erabakiak Madrilen hartzeak agerian uzten du EAE eta Nafarroako autogobernuaren mugak", salatu dute sindikatuek. "Euskal langileak eta herritarrak ordezkatzen ez dituzten eragileak izan dira gai honen inguruko erabakiak hartu dituztenak".
Horrekin batera, Espainiako Gobernuak ez duela bere hitza bete salatu dute manifestazioetan, "ez du 2012an PPk aldebakarrez inposatutako lan erreforma indargabetu", eta CEOErekin elkarrizketa sozialaren bitartez "urardotutako akordio bat" hobetsi dutela nabarmendu dute ohar batean, "langile klasearekin hartutako konpromisoa bete beharrean".
Espainiako Gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk adostutako lan erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen "hezurdura" mantentzen duela gogoratu dute, "langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere".
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuen iritziz, langileen lan baldintzak hobetzeko tresna nagusia mobilizazioa da, azpimarratu dutenez, eta dei egiten diete euskal langileei otsailaren 2an lantokien aurrean lan erreforma honen aurkako euskal langileen iritzia plazaratu dezaten.