Euspot bideo lehiaketak kooperatibismoa landu eta 3.000 euro banatuko ditu

Erredakzioa 2022ko urt. 28a, 13:27
Euspot lehiaketaren 2022ko edizioaren aurkezpena. / Argazkia: ARTEMAN

Saritan 3.000 euro baino gehiago banatuko ditu aurten Euspot bideo lehiaketak, eta maiatzaren 19ra bitartean aurkeztu daitezke 30 segundoko iragarkiak. Abiapuntuzko galdera: Zergatik lan egin kooperatiba batean?

Euspot bideo lehiaketaren edizio berria aurkeztu dute Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, Arteman komunikazio enpresak, Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako Udalak, Bai Euskarari Elkarteak eta Arizmendi ikastolak.

Aurtengo helburua gazteak kooperatibismora gerturatzea eta kooperatibismoa balioan jartzea izanik, Zergatik lan egin kooperatiba batean? aukeratu dute abiapuntuzko galdera gisa. "Zerk bereiztu du kooperatiba bat eta kooperatiba ez den enpresa bat? Zergatik nahi duzu kooperatiba bat sortu edo kooperatiba batean lan egin? Zer eskaintzen digu proiektu kooperatibo batek bestelako ereduekin alderatuta?", galdegin dute antolatzaileek.

Asko izan daitezke arrazoiak eta asko erantzunak: "Kooperatibetan soldata duina irabazten delako, aberastasunaren banaketa orekan oinarritzen delako, herritik sortutako eta herrira ondo errotutako proiektuak direlako, iraunkorragoak, kalitatezko enplegua eragiten dutelako, gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna sustatzen dutelako eta berrikuntza handiko proiektuak direlako. Kooperatibek enpresaren erabakietan parte hartzeko aukera eskaintzen digute eta horrek ere erakargarri bilakatzen ditu", azaldu dute.

Horretarako 30 segundoko iragarkia sortzea proposatu dute. Maiatzaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta 3.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sei saritan:

  • Spotik onena: 1.000 euro.
  • Publikoaren saria: 500 euro.
  • Gazteen saria (14-18 urte): 500 euro.
  • Musika sinkronizazio onenaren saria: 300 euro.
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: 500 euro.
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena: 250 euro.

 

Ibilbide oparoa

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot lehiaketa, 2001. urtean. Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Aurtengoa 11. edizioa izango da, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren babesletzarekin.

Orain arteko edizio guztietan 500 spot inguru jaso dira. Nabarmentzekoa da, halaber, euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela, eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora dituela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide