Aldundiak gaur banatu ditu Arabako gizarte berrikuntzako proiektu onenak aitortzen dituzten Fisa sarien 2021eko edizioko sariak. Oraingoan, hiru izan dira saritutako proposamenak: BioAlai, Artehazia eta Gasteizko Santa Maria Parrokia. Ekimen berritzaile horiek Arabako gizartearen ongizateari egindako ekarpena nabarmendu nahi dute sariekin, halako proiektuak abian jartzea sustatzeko pizgarri.
Bioalaik jaso du lehenengo saria (5.000 euro). Kontsumo ekologikoa ziurtapenetik haratago bultzatu dutela nabarmendu dute, "ingurumen eta gizarte-irizpideak txertatuz, lurraldean zuzeneko inpaktua bilatuz ekoizleekin zuzeneko harremanak sortuz". Era berean, Arabako familia nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko proiektu askoren jarduera ekologikoaren garapenean "funtsezko zeregina" izan duela azaldu dute.
Artehazia eta Santa Maria
Bigarren saria (3.000), berriz, Artehazia elkarteak jaso du, "Gazte-Hiria" proiektuagatik. Gizarte-onurak eskaintzen dituen eta ideia berritzaileak zein iraunkorrak planteatzen dituen proiektu bat da, nerabeei eta gazteei transmititu zaizkien portaerak eta jarrerak ikusaraztea eta, aldi berean, aldatzea bilatzen duena, eta nerabe eta gazte horiek desnormalizatzea beharrezkotzat jotzen dutena". "Gazte Hiria" herritartasun parte-hartzailearen jarduera eremuan kokatzen den proiektua da, hainbat alderditan: gizarteratzea eta gizarte-kohesioa, kultura, euskara, berdintasuna, prestakuntza, talentua, gazteria eta osasuna.
Eta hirugarrena (2.000 euro) Santa Maria parrokiarentzat izan da, "13 etxe" proiektuagatik. Proiektu honen helburua bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako etxebizitzak lortzea da. "Etxebizitza publikoa eskuratu ahal izateko administrazio-mekanismoak ezagutzen ez dituzten eta, dituzten ezaugarri eta egoera pertsonalengatik, etxebizitzaren merkatu arruntean baztertzen diren pertsonak. Adibidez, egoera administratibo irregularragatik, emigratzaileen kasuan, abal nahikorik ez izateagatik: nomina finkoa, egiazta daitezkeen diru-sarrerak edo norberaren ezaugarriengatik".