Ekintzaileen artean 11.000 eurotik gora banatuko ditu Araba Ekinean programak

Erredakzioa 2022ko urt. 28a, 12:00
Itziar Gonzalo, Maider Etxebarria, Leyre Madariaga eta Axier Urresti. / AFA

Araba Ekinean programaren aurtengo edizioko ekintza nagusiak maiatzaren 19tik 25era izango dira. Ekintzailetza lehiaketa, berriz, martxan dago jada, eta 11.000 eurotik gora banatuko dira sarietan.

2022an ere, Arabako ekintzailetzaren ekosistema babesteko martxan da Araba Ekinean programa. Horretarako, online zein aurrez aurreko jarduera eta ekitaldien programa zabal bat garatzen du urte osoan zehar, eta aurtengo edizioa ostegunean aurkeztu zuten Gasteizko alkateorde Maide Etxebarriak, Aldundiko diputatu nagusiordea Itziar Gonzalok, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendari eta BIC Arabako lehendakari Leyre Madariagak eta Vital Fundazioaren zuzendari exekutibo Axier Urrestik.

19. edizio honetako leloa Emprende-topia. Bide berriak esploratzen izango da, "erronka berriei aurre egiteko eta lurraldean aberastasuna sortzeko funtsezko eragile gisa" ekintzaileen figura erakutsi eta nabarmentzeko asmoz.

Programaren aurtengo lehen ekimena lurraldeko ekintzaileen ideia eta proiektu onenak saritzeko lehiaketaren 18. edizioa izango da. Azken urteetan, 750 ekintzaile baino gehiago igaro dira lehiaketa honetatik. Iaz, partaidetza errekor guztiak gainditu ziren, 54 proposamen aurkeztu baitziren.: Zure ideiak balio du deialdian, hamar sari izango dira, eta 11.000 eurotik gora banatuko dira irabazleen artean:

  • On4U saria, ideia onenari: 500 euro.
  • Aclima saria, ideia iraunkorrenari: 500 euro.
  • Gasteiz ON saria, merkataritza eta turismoaren alorrean: 1.000 euro.
  • Eroski saria, nekazaritzako elikaduraren alorreko ekimen onenari: 1.000 euro.
  • Michelin saria, industriaren alorreko ekimen onenari: 1.000 euro.
  • Prezero saria, zerbitzuen sektoreko ekimen onenari: 1.000 euro.
  • RPK sari berezia, enpresen eraldaketa sozialari: 1.000 euro.
  • Vital Fundazioa saria, krisitik ateratzeko irtenbide eraldatzaileenei: 1.000 euro.
  • Metxa sari berezia, berrikuntzari: izen bereko azeleratzaileak emandakoa, proiektu berritzaileena denari eta hazteko ahalmen handiena duenari. Saria hurrengo Metxa Bootcamp-erako leku bat da, 4.000 euroan zenbatetsia.
  • Publikoaren sari berezia: 300 euro, ideia finalisten azken aurkezpenera doazenek aukeratuko dute.

Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago, martxoaren 25eko 14:00ak arte. Oinarriak alavaemprende.com webgunean kontsultatu daitezke. Ondoren, lurraldeko hainbat ekintzailetza agentek osatutako epaimahai batek apirilaren hasieran hautatuko ditu finalistak; horien berri apirilean emango dute, online ekitaldi baten bitartez.

Aurtengo edizioan, berrikuntza gisa, ikastaro berezi bat antolatuko dute, aurkezpen publikoetan aditu eta TEDxGasteiz-en sustatzaile Cristina Juesesen eskutik. Finalistek parte hartu ahal izango dute, proiektuen aurkezpenak prestatzeko lagungarri izango zaielako.

Ekitaldia eta topaketa

Izan ere, maiatzaren 19an, Europa jauregian egingo den jendaurreko ekitaldian erakutsi beharko dituzte beren proposamenak, eta, maiatzaren 25ean, Ekin Day jardunaldian jakinaraziko da zeintzuk diren irabazleak, baita sariak banatu ere.

Gainera, B2B topaketa egiteko baliatuko da ekitaldia, seigarren urtez jarraian. Ekintzaileek banakako bilerak egin ahal izango dituzte bertan, aholkularitza, finantzaketa eta bizkortze erakundeekin, baita beste ekintzaile batzuekin ere. Parte hartu ahal izateko alavaemprende.com webgunean eman behar da izena aurretik.

Beste jarduera batzuk

Jarduerak online topaketa batekin joan den asteartean hasi baziren ere, otsailaren 2an izango da lehen ekitaldi presentzial handia, Eskola Enpresen Azokaren edizio berri batekin. 10:00etatik 13:30era bitartean izango da, Gasteizko Santa Barbara plazako pergolan. Arabako LHko zenbait ikastetxetako ikasleek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa proiektu berrien erakusleihoa izatea da ekimenaren helburua.

Edizio honetako berrikuntza garrantzitsu bat erakusketa ibiltaria izango da: Arabako hainbat herritan barrena, Araba Ekinean-en parte hartu duten ekimenetako batzuk erakutsiko dira, Santa Barbara plazan, otsailaren 2tik 7ra bitartean; ondoren beste leku batzuetara eramango dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide