Kafearen zaporea dastatzearekin batera sumatu ditut berriketan aldameneko bi lagunak. Tinderraren inguruan ari dira kontu kontari. Txokolatezko gozoki ezagunari aipu egin eta tinder sorpresa algaraka esanez; itxurakeria ugari eta benetako ezer gutxi. Ez nau baieztapenak harritu; kanporako eiteak edozein testuingurutan dauka garrantzia eta nola ez ligatzeko kontuetan.
Erakutsi nahi duguna komeni zaigun modura adieraztea ohikoa da. Hein handiago edo txikiago batean, aktoreak gara guztiok. Ametsetan akaso, antzezlana utzi eta gu geu izango gara, baina esna gaudenean pentsatuta egiten, esaten eta jokatzen dugu guztiok.
Hezkuntza Saila bera ere jantzia dago antzezlanetan, aktore bikainak ditu gainera. Itxura gordetzen eta itxurak egiten ondo baino hobeto dakizkiten horietakoak, alegia. 2003an adibidez, Haurreskolak Patzuergoa eratzeko erabakia hartu zuenean, Jaurlaritzak sare publiko indartsuaren aldeko apustua egiten zuela zirudien. Tamalez baina, sare pribatuko haur-plaza bakoitzaren %60a finantzatzeak dema hori itxura besterik ez zela agerian utzi du. Are gehiago, publikoan plaza hutsak daudenean ere berdin egiten dela aintzat hartzen badugu.
Hezkuntza akordioaren inguruko eztabaida irekia dago EAEn. Segregazioan eta hizkuntza ereduetan jarri dute batez ere arreta erabakiguneetan daudenek. Pasa den astean, Leixuri Arrizabalaga eta Ikoitz Arrese afera horien inguruan jardun ziren Kataluniako esperientzia gertutik ezagutu ostean. Antza baina, segregazioaren kontrako itun hori bertako guraso elkarteek eta sindikatu nagusiak ez zutela sinatu aipatzea ahaztu zuten. Ahanztura hori ere itxura izan daiteke jakina. Aste honetan berriz, LAB sindikatua izan da akordiora begirako dekalogoa argitaratu duena. Bertan, besteak beste, titulartasun-publikoa eta titulartasun-mistoa aipatzen ditu. Hauek ere antzezlariak izango al dira?
Batek daki horrek guztiak zer nolako txokolatea ekarriko duen, baina kinder-ak gero eta gutxiago diren garai hauetan, inoiz baino gehiago publikoaren aldeko apustu sendoa egitea ezinbestekoa da. Hezkuntzarako eskubidea unibertsala da eta agintarien betebeharra, berriz, biztanleria osoari dohainik eskolatzeko aukera ematea. Eta, nago, hori ez dela gure errealitatea.