Arabako Foru Aldundiak, Talgok eta Petronorrek "hidrogeno berriztagarriaren ekonomiaren garapena bultzatzeko" aliantza sinatu dute asteon. Foru erakundearen arabera, "lurraldean garraioa deskarbonizatzen laguntzeko" baliogarria izango da hidrogenoan oinarrituko den azpiegitura berria.
Hidrogenoaren Euskal Korridore deritzon egitasmoaren barruan kokatuta dago apustua. Horren arabera, Talgo enpresak hidrogenoz mugituko den trena garatzen jarraituko du. VittalOne izen komertziala eman diote dagoeneko ekoizten duten tren mota baten hidrogenozko bertsioari.
Bertsio berezi hori Ribabellosan eraikitzen ari dira, eta aldiri-eskualdeko trena izango da. Aliantzaren sinaduran aurreratu dutenez, espero dute martxoan lehen probak egoteko moduan egongo direla.
Petronor, berriz, hidrogenoa hornitzeko teknologia garatzeaz eta gauzatzeaz arduratuko da. Petrolio konpainiak dio 2050ean "zero CO2 isuri" lortzeko ahalegintzen ari dela, "karbono gutxiko erregaiak sortzen dituen findegi baterantz" aurrera egiteko. Diotenez, momentuz "karbono gutxiko hidrogenoa" erabiliko dute, hidrogeno "berriztagarriaren kontsumo osoa lortu arte".
Aliantza, "irekita"
Ohar batean adierazi dute aliantza "irekita" dagoela, "bat egin nahi duten erakundeei". Ramiro Gonzalez diputatuak ziurtatu du hidrogenoa beharrezkoa dela "trantsizio energetikorako eta klima aldaketaren aurkako borrokarako". Haren esanetan, akordioak erakusten du "administrazioek eta enpresek konpromiso sendoa" dutela "deskarbonizazioan aurrera egiteko". Alabaina, Aldundiak ez du iragarri zenbat diru inbertituko duen arlo publiko eta pribatua lotzen dituen elkarlan horretan.