Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan deituko du Covid-19ari aurre egiteko eratu zuten LABI batzordea, ostirala baino lehen berrikusi behar dituztelako orain arte ezarritako neurri murriztaileak. Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaur hedabideen aurrean agertu bada ere, ez du argitu zehazki noiz bilduko den batzordea. Ohi bezala, ez du pistarik eman batzorde horrek hartuko dituen erabakien norabideari buruz. Erabaki garrantzitsuena Covid ziurtagiria aurkezteko betebeharrari dagokiona izango da.
Sailburuaren aburuz, "joera aldaketa" egiaztatzen ari da pandemiaren bilakaeran, baina ohartarazi du oraindik kutsatze asko daudela, eta baita ospitaleratze eta heriotza asko ere —azken astean 200 heriotzaren berri eman dute Euskal Autonomia Erkidegoan—.
Alabaina, ostalaritzari dagokion beste neurri bat iragarri du Jaurlaritzak. 22 milioi euroko dirulaguntza agindu du, sektore horretan neurri murriztaileek eragin duten kaltea arindu aldera. Ohar batean, SEA patronalak iragarri du "neurrizko asetzeaz" hartu duela iragarpena, baina azpimarratu du ez direla nahikoak izango sektorean eragindako "kalte handiak" konpentsatzeko.
Txertaketa kanpainari dagokionez, Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak irizpide aldaketa iragarri berri du. Horren arabera, koronabirusa izan duten lagunei txertoaren hirugarren dosia gaitza pasatu eta bost hilabetera jartzeko gomendioa egin die, orain arte gaitza pasa eta hilabete batean jartzeko gomendatzen zien arren.