"Guk ezin dugu ikerketaz hitz egin, ez baitugu ez elkartzeko tokirik, ezta pentsatzera biltzeko leku sinple bat ere". Jorge Oteizak Quousque Tandem…! saiakeran (1963) argitaratutako asmo hartatik abiatuta, erakusketa antolatu du Gasteizko Artium museoak. Euskal Herriko jendearen hazkunde soziopolitiko, kultural eta intelektuala ahalbidetuko zuten topaguneak sortzeko egindako dei hari tiraka, hain zuzen, osatu dute bilduma. Pentsatzeko leku bat erakusketak hezteko asmoa duten proiektu batzuk berreskuratu eta bildu ditu, taldekoak zein bakarkakoak, 1957tik 1979ra bitartean garatutakoak.
Mapa horri izenak eta lekuak gehitzean, artisten eta geografien arteko loturak bistaratzen dira, Euskal Herriko zein Espainiako arte-panoraman giltzarri izan ziren alderdi batzuekiko kezka komun bat agerian uzten dutenak: abstrakzioaren eta figurazioaren arteko eztabaidak, arteen integrazioaren defentsa, arte-irakaskuntza berritzeko premia edo artearen funtzio sozialaren eta garrantziaren aitortza, non haurrak arreta berezia jasotzen duen subjektu eta hartzaile gisa. Horrekin, euskal arte garaikidearen sorrerako gertakari haietara hurbilketa bat egitea proposatzen da Artiumen, artista hezitzaile bihurtzeko prozesuetatik eta arte-irakaskuntzatik abiatuta oraingo honetan, baina bi ardatzok garaiko testuinguru historiko-sozialetik aztertzea ahaztu gabe.
Aldaketa
Aztergai dituzten gertakarien arku kronologikoa Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko hainbat ekimen eta programa martxan jarri ziren urtean irekitzen da, Jorge Oteiza, bere esperimentazio-aldia utzita, artistaren egiteko sozial eta politikoaz hausnartzen hasia zen garaian (1957-1979). Eta 1979. urtean ixten da, Euskal Herriko Arte Ederren Eskolak, fakultate bihurtuta, aro berri bat hasi zuen urtean, hain zuzen. Garai horren barruan, izenaren aldaketak eraldaketa sakonago baten promesa ekarri zuen berekin: erakundearen egitura eta ekipamenduak aldatzea eta irakasle taldea berritzea, alegia.
Bi data horien artean, hainbat kasu, izen eta toki aurkezten dira, narrazio sinkroniko baten eraginpean dagoen antolamendu diakroniko bati jarraituz. Horrela, agerian utzi nahi da proposamenen aldiberekotasuna eta arte plastikoen bidezko hezkuntza-ekimen esperimentalen garapena. Proposamenok euskal gizartea eguneratzeko eta berreraikitzeko prozesuek markatuta egon ziren urte batzuetan gauzatu ziren Euskal Herriko hainbat tokitan. Denek dute ezaugarri komun bat: sisteman ez parte hartzea eta hezkuntza arautu edo ofizialekin bat ez egitea; pentsatzeko lekuak, aktibatuta egonez gero, aukerez beteriko guneak bilakatzen direla adierazi nahiz bezala.
Jarduera osagarriak
Erakusketaren osagarri, hezkuntza praktikak jorratuko dituzten hainbat jarduera antolatu dituzte datozen asteetarako, Artiumen eta handik kanpo ere. Martxoaren 10erako, esate baterako, Hezkuntza-praktikak eta ikus-entzunezkoak. Jose Antonio Sistiaga eta bere testuingurua, 1957-1979. mahai-ingurua antolatu dute, Mikel Onandiarekin, Rocio Robles Tardiorekin eta Sergio Rubirarekin, erakusketa bera ikertu eta komisariatu duten adituekin; Donostiako Tabakaleran izango da, 18:00etan, Kutxa Fundazioarekin batera antolatutakoa.
Martxoaren 16an, berriz, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako eskola eta praktika esperimentalen testuinguruari eta horiek gaur egungo hezkuntza-egituran eta -praktikan izan dezaketen aplikazioari buruzko online topaketa bat antolatu dute; 18:00etan izango da Artiumek Jorge Oteiza Museo Fundazioarekin batera antolatutako saioa.
Halaber, Pentsatzeko leku bat erakusketaren zenbait bisita gidatu izango dira hurrengo egunetan: urtarrilaren 26an, asteazkena, 18:00etan; urtarrilaren 29an, larunbata, 17:30ean; otsailaren 6an, igandea, 17:30ean; otsailaren 16an, asteazkena, 18:00etan; otsailaren 26an, larunbata, 12:30ean. Ekainaren 5era arte izango da Artiumen.
Jorge Oteiza Fundazio Museoan, gainera, azterketa kasuetako bat erakutsiko dute: Begi trantsitibo bat. Irungo zineklubaren proiektua izeneko lana. Hilaren 27tik apirilaren 30era bitartean izango da ikusgai Altzuzako museoan, Nafarroan.