Greba mugagabeari ekingo diote ibaiak mantentzeko zerbitzuko langileek

Erredakzioa 2022ko urt. 24a, 10:00
Ega ibaiaren higatutako erribera-tarte bat leheneratzeko lanak, Angostinan (Bernedo). / URA

Urtarrilaren 27tik aurrera, greba mugagabea hasiko dute Arabako ibaien mantentzeaz arduratzen den enpresako bederatzi langileek, arrisku meteorologiko, fisiko eta toxikoa dakarren lana egiteagatik plus gehigarria ordain diezaieten.

Gaur egun, EAEko ibaiak mantentzeko zerbitzua hiru lotetan, probintziaka, lehiaketara ateratzen du Uraren Euskal Agentziak (URA). Araban, Serkom eta Enviser enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarte bati esleitu zaio zerbitzua: Mediterraneoko Ibaiak 2021.

Enpresa elkarte horretako bederatzi langileak greba mugagabera joko dute urtarrilaren 27an, arrisku meteorologiko, fisiko eta toxikoa dakarren lana egiteagatik plus gehigarria ordain diezaieten eskatzeko.

Eguneroko lanetan, langileak ibaien ibilguetan sartu behar dira, zuhaitzak moztu, obra zibilak egin, zubiak garbitu, plataformako lanak egin... "Horrek guztiak berekin dakar hitzarmenean jasotako arriskua —meteorologikoa, fisikoa eta toxikoa—, plus gehigarria ordaintzea dakarrena, baina enpresak ez die ordaindu nahi", salatu du ELA sindikatuak.

Sindikatuak azaldu duenez, langileak hainbat saiakera egin dituzte negoziazio mahaian, enpresak plus hori ordaintzeko konpromisoa har zezan: "Ordaintzeko prest agertu ez eta, gainera, lankide bati zehapena jarri diote, ordainketa bete zezan eskatzeagatik", salatu dute.

Plusa ordaintzeaz gain, langileek "egiten duten lanaren araberako" soldata izatea eskatzen dute, estatu mailako hitzarmenak erosteko ahalmena galtzea dakarrelako. Era berean, segurtasun baldintzak hobetzea ere exijitu diote enpresari: besteak beste, zerbitzuaren beharren araberako babesa emateko eta instalazioak garbitzeko.

Azkenik, deitoratu dute grebara jotzea "beste erremediorik ez" dutela izan, "enpresak langileekin negoziatu nahi ez duelako". Gainera, URA agentziaren "pasibotasuna" salatu dute, "dirua administrazio publikotik datorrenean are larriagoa" dela uste dutelako. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide