Murgiako institutuan batxilergoa ezar dadin eskatu dute familiek

Erredakzioa 2022ko urt. 21a, 12:29
Murgiako Pauldarretan Batxilergo etapa ezartzeko eskaria egin dute. / Alea

Zonaldeko 500 sinadura baino gehiago bildu dituzte; "landa eremuetako aukera berdintasuna" galdegin dute.

Gorbeialdeko eta Kuartangoko eskoletan seme-alabak dituzten hainbat familiak denbora asko daramate Hezkuntza Sailari Murgiako Pauldarren eraikuntzan Batxilergo etapa ezartzeko eskaria egiten, eta aldarrikapena batzeko sinadura bilketa egin dute. Besteak beste, Izarrako Herri eskola, Zigoitiako Gorbeia eskola, Zuiako Virgen de Oro eskola, Legutioko Garazi eskola eta Murgiako institututuko familia ugarik egin dute eskaera.

Familiek ohar batean azaldutakoaren arabera, Gorbeialdean eta Kuartangon badago gaur egun, eta geroari begira, ikaslego nahikoa Batxilergoak ezarri ahal izateko, "ikaslego kopuru antzekoa daukaten beste herri batzuetan bezala, Agurain edota Iurretan bezala". Hala, egunero 80 ikasle inguru Gasteizera garraiatu behar dituztela gogoratu dute, Murgiako institutuan Batxilergoa egiteko aukerarik ez daukatelako, "honek dakarren diru eta denbora galera eta arriskuarekin". Euren ustez, institutua "eskualdeko gazteen kohesiorako eta errotzeko" faktore garrantzitsua dea, are gehiago Gasteiz bezalako biztanleri eta zerbitzu foko handia ondoan izanik.

"Gazteen kohesio edo errotze ezak, geroari begira, eskualdean biztanleriaren galera ekar lezake edo gure herriak lotarako besterik ez izatea. Horrela gertatuko balitz, eskualdeak bizitza soziala galduko luke eta bertako kulturaren transmisioa galduz joan". Azaldutako hauetaz gainera, legeak ere babesten dituela nabarmendu dute: "Abenduaren 29ko 3/2020 lege organikoak, (LOMLOE), bere 82. artikuluan 'landa eremuetarako aukera berdintasuna' jasotzen du, 'landa eremuetako eskoletan arreta berezia jar dezaten, bere ingurunearen berezitasunak kontuan hartuz eta bertoko ikaslegoa Hezkuntza Sisteman oinarrizko hezkuntza baino haratago mantentzen lagunduz'.

Sinadura bilketa

Horrelako eskaera bat aurretik ere gutunez egin zuten, baina erantzunik jaso ez dutela gogoratu. "Gorbeialdeko eta Kuartangoko Guraso Elkarteetako kideok eskaera honetan sakondu beharra ikusi dugu eta Haur eta Lehen Hezkuntzako eta institutuko guraso/tutoreen artean sinadura bilketa bat egitea erabaki dugu". Eta pozik daude jasotako emaitzarekin; 500 sinadura baino gehiago jaso dituzte: "Honek adierazten du norainoko interesa dagoen Gorbeialdean eta Kuartangon, institutuko Hezkuntza eskaintza indartzeko eta zabaltzeko". 

Sinadurak aurkeztearekin batera, bilera bat ere eskatu diote Hezkuntza Sailaren arduradunei eskaera honi irtenbide bat emateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide