Abenduan eta urtarrilean zehar, argazki lehiaketa antolatu dugu ALEAn, Gabonetako irudiak biltzeko asmoz. Aurreko edizioetan baino parte hartze txikiagoa lortu badugu ere —zazpi argazki—, irudi ederrak biltzeko aukera izan dugu, eta, astebeteko bozketa fasea itxita, iritsi da irabazleak iragartzeko momentua.
Bi sari banatuko dira: boto gehien lortzen dituen argazkiaren egileak Errigorako saski beltz bat irabaziko du; epaimahaiak aukeratutako irabazleak, berriz, GoPro motako kamera bat lortuko du. Horrela, bada, bi irabazle utzi ditu argazki lehiaketak:
PUBLIKOAREN SARIA
Ritxar Astegieta - Gabon kantak kalean...
131 botorekin, argazki bozkatuena izan da Ritxar Astegietaren Gabon kantak kalean... Beraz, Errigorako saski beltz bat irabazi du:
EPAIMAHAIAREN SARIA
Amaia Garcia de Albeniz Zubiaurre - Eskuekin bizitza sortzen
Bestalde, ALEAko lantealdeak, mahai baten inguruan bilduta, Amaia Garcia de Albeniz Zubiaurreren Eskuekin bizitza sortzen argazkia aukeratu du, hainbat arrazoi direla eta: alde batetik, hirugarren sailkatua izan delako (34 botorekin); horrez gain, argazki paregabea da, irudiaren kalitatea eta edertasuna kontuan hartuta (kolorea, enkoadraketa, ehundurak...); baina, azkenik eta batez ere, argazki soil bat ateratzeaz gain, elurrezko panpina egiteko atzean egindako lana baloratu nahi izan delako.
Beraz, GoPro motako kamera bat irabazi du Amaiak. Zorionak berari eta familia osoari!