Abian da Arabako txotx denboraldia. Iaz etena egin behar izan zuten, eta berriz ere behar den moduko hasiera eman diote. Aramaioko Iturrieta sagardotegian dastatu dute lehenengo sagardoa, Aritz Ganboa artzainaren eskutik. 100.000 litro sagardo ekoiztu du Arabako elkarteak aurten; horren %35a txotx egiteko kupeletara eta %65a botiletara bideratuko dute.
Sagardogileek omenaldia egin nahi izan diete artzainei, eta Aritz Ganboa artzain eta dibulgatzailearekin batera, Idiazabal jatorrizko izendapenaren presidente den Felix Ajuria eta Felix Etxebarria artzaina ere izan dira txotx denboraldiaren hasiera ekitaldian. "Hemen gauza onak egiten dira, ezagutza eta kultura oso bat dagoelako; naturak ematen dizkigun fruituekin egin dezaketen onena egiten dute ekoizleek. Beste behin ere, sagardo bikaina edan dezakegu", adierazi dio Goienari Ganboak.