Pandemiaren seigarren olatuak berariazko zenbait elementu ekarri ditu; horien artean, Omicron aldaeraren kutsakortasuna dela eta, beste olatu guztietan baino askoz handiagoa izaten ari da "laneko absentismoa". Testuinguru horretan, Osakidetzak gainezka egin du egunotan, eta Covid-19aren sintomak izan dituzten langile askok astebete itxaron behar izan dute baja lortzeko.
Langileen osasuna kaltetzeaz gain, egoera horrek ataka konplexu batean utzi ditu Arabako enpresak, SEA enpresarien elkarteak ohartarazi duenez. Urtarrilaren 10etik 17ra bitartean lurraldeko 300 enpresari galdetuta, hainbat datu bildu ditu patronalak:
- 25.000 langile bajan daude gure lurraldeko enpresetan.
- %88k aitortu du kutsatzeen gorakada nabaritzen ari dela, eta gutxienez kasu positibo bat izan dutela plantillaren barruan.
- Erdiak baino gehiagok (%54) langileen %10 dute bajan, Covid-19aren ondorioz.
- Laurden batean (%24) plantillaren %20 dago bajan, Covid-19aren ondorioz; enpresa horiek beren egoera "dramatikoa" dela ohartarazi dute.
- Gehienek ordezkoak lortzeko zailtasunak dituzte, bajak izapidetzeko orduan arazoak izaten ari direlako.
- Enpresa batzuek Aldi Baterako Laneko Enpresetara (ETT) jo behar izan dute; urtarrilean eskaerak nabarmen areagotu dira sektorean.
- Enpresen %40k telelana berrezarri du; beste batzuek ordutegia malgutu edo lanaldi trinkoa egitea ahalbidetzea erabaki dute.
SEAren ustez, kutsatzeen gorakada Arabako enpresak "itotzen" ari da, baita langileak ere; izan ere, lan berdinari giza baliabide gutxiagorekin aurre egin behar izaten ari dira.