Datorren otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren prestakizunen barruan, zientzia eta teknologiaren alorrean erreferente diren emakume arabarrak bilatzen ari dira.
Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak ekimen bateratua abiatu dute hitzorduari begira. Horretarako, herritarren laguntza eskatu dute: arlo horri lotutako emakume arabarren inguruko proposamenak behar dituzte. Batetik, erreferentea izan daitekeen egungo emakumeak, egun horretako jardueretan parte hartzeko. Baina emakume historikoen izenak ere jaso nahi dituzte. Proposamenak inspira@deusto.es posta elektronikoan jasoko dituzte.
Besteak beste, kartelak diseinatuko dituzte, eta saltokietan banatuko dituzte. Baina egunaren bueltan ekitaldi ugari egin ohi dira, bereziki formatu guztietako hitzaldien bitartez.
Antolatzaileen esanetan, gizartean "aurrean ditugun erronka txiki eta handiei aurre egiteko" zientziak eta teknologiak garrantzi handia dute, baina gazteek horietaz duten interesa "gero eta txikiagoa da; are txikiagoa nesken artean".
Joera hori apurtzeko sortu zen otsailaren 11ko nazioarteko eguna. Hitzordu horren bueltan, STEM hezkuntza sustatu nahi dute nesken artean, eta, oro har, zientzia eta teknologia neska-mutilei hurbildu.
Science, Technology, Engineering & Mathematics kontzeptuaren ingelesezko akronimoa da STEM. Hortaz, STEM hezkuntza batek diziplina horietan guztietan oinarritutako eredua lantzen du.