Koronabirusa

30 urteko herritarrengana iritsi da txertoaren hirugarren dosia

Erredakzioa 2022ko urt. 17a, 13:21

Osakidetzak ez du baztertzen aste honetan txertoa 18 urtetik gorakoei zabaltzea. / IREKIA

Osakidetza astelehen arratsaldean hasiko da Covid-19aren aurkako txertoaren oroitzapen-dosirako hitzordua ematen 30 eta 39 urte bitarteko herritarrei. EAEko biztanleriaren %50 inguruk dagoeneko jaso du hirugarren dosia.

Gaurtik aurrera, 30 urtetik gorako herritarrek ere aukera izango dute hirugarren txertorako hitzordua hartzeko. Horretarako, SMS mezuen bidalketa masiboa egingo du Osakidetzak, eta ez du baztertzen aste honetan bertan 18 urtera jaistea hitzordua hartzeko adina.

Horrela, aurrera doa EAEko biztanleen immunizazio prozesua: dagoeneko, euskal herritarren erdiak jaso du Covid-19aren aurkako txertoaren oroitzapen-dosia. Une honetan, Osakidetzak 72.000 hitzordu baino gehiago ditu eskuragarri bere agendetan; eta 30 eta 39 urte bitarteko kolektiboa 180.000 pertsona inguruko xede-biztanleriak eratzen du.

Nolanahi ere, biztanle guztiek ezin dute txertoa hartu: bigarren dosia hartu zenetik bost hilabete igaro behar izan dira —hiru hilabete Astrazeneca edo Janssen txertoaren kasuan—; gainera, Covid-19a izan bada, lau aste igaro behar izan dira gaixotasuna gainditu zenetik. Beraz, une honetan hirugarren dosia jaso ahal izango dute bigarrena abuztuaren 17a baino lehen jaso zutenek edo Covid-19a abenduaren 20a baino lehen gainditu zutenek.

Orain arte bezala, hitzordua hartzeko lehentasunezko bidea Osakidetzaren webgunea izango da, telefono lineak libre uzteko asmoz. Hala ere, hitzordua hartzeko arazorik izanez gero, osasun zentrora deitu ahal izango da: deitzean, 1 tekla sakatu ondoren, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago