2018an abiatutako protesta zikloaren laugarren urteurrenaren harira, Hego Euskal Herriko pentsiodunek mobilizazio jendetsuak egin dituzte asteburu honetan, lau hiriburuetan eta zenbait herritan, pentsio publiko eta duinen aldeko borrokak bizirik jarraitzen duela aldarrikatzeko.
Besteak beste, pentsioak gutxienez 1.080 eurotaraino osatzea exijitu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Duela lau urte mahai gainean jarritako eskakizunen artean, gainera, 2011n eta 2013an ezarritako pentsioen erreformen alderdi erregresiboenak indargabetzea dago. Orduz geroztik, 180 astez mobilizatu dira azken lau urteetan.
Mobilizazioek ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta CNT sindikatuen babesa izan dute, baita beste gizarte eragile ugarirena ere.