Felix Ormazabal Arabako diputatu nagusi ohia hil da

Erredakzioa 2022ko urt. 17a, 08:00

Felix Ormazabal, Arabako diputatu nagusia 1995etik 1999ra bitartean. / Argazkia: EAJ

1995etik 1999ra bitartean Arabako diputatu nagusi izandako Felix Ormazabal 81 urterekin zendu da. Aldundiak "erabateko atsekabea" agertu du, eta EAJk "abertzale konprometitua" eta "askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko borrokan erreferentea" izan zela azpimarratu du.

Larunbat honetan, 81 urte zituela, zendu da Felix Ormazabal (Araia, 1940), EAJko kide historikoa eta 1995etik 1999ra bitartean Arabako diputatu nagusi izandakoa.

Teologia eta Zuzenbidea ikasi zituen Ormazabalek. Arabako nekazaritzaren sektoreari lotuta, UAGAtik bizitza politikorako jauzia egin zuen. 1979an Asparrengo zinegotzi hautatu zuten lehen aldiz. 1980 eta 1988 artean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzako sailburua izan zen.

Legebiltzarkide izan zen 1984tik 1995 arte. 1987tik 1995ra bitartean, EAJko Araba Buru Batzarreko lehendakari eta Euskadi Buru Batzarreko kide izan zen. Eta 1995etik 1999ra, Arabako ahaldun nagusi hautatu zuten. 2005ean utzi zuen politika aktiboa, Eusko Jaurlaritzan hainbat kargu bete ondoren.

"Bere ibilbide politiko eta pertsonalak Arabarekiko eta Euskadirekiko konpromisoa eta dedikazioa erakutsi zituen beti", azpimarratu du Aldundiak, Ormazabalen omenez plazaratutako ohar batean. Aldundiaren Etxe Jauregiko banderak haga erdian egongo dira.

Ramiro Gonzalez egungo diputatu nagusiak Ormazabalen heriotzak eragin dion "oinaze eta samina" azaldu eta "oso pertsona ikasia, uste sendokoa, ideiak oso argi zituena eta Arabarekiko maitasun handia" zela gogoratu du. "Felix Ormazabalekin Arabak bultzada handia izan zuen. Lau urteko agintaldia izan zen, benetan emankorra eta zalantzarik gabe Arabak gaur arte izan duen garapenaren oinarriak ezarri zituen", azpimarratu du Gonzalezek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago