Aste hasiera lainotsua espero du Euskalmetek, baina gero zeruak zertxobait garbituko dira. Dena dela, batez ere egunaren lehenengo partean erdi edo goi mailako hodeiak egon daitezke. Haizea ahul ibiliko da, aldakor, baina arratsaldean ipar osagaikoa nagusituko da. 0 azpiko tenperaturak izango ditugu gauean, eta pixkanaka igoko diren arren, hau ez da izango, ez, festa tropikala: 7 gradutara arte baino ez da igoko termometroa.
Astearterako, menua errepikatuko da: ia-ia gaurkoaren berdin-berdina da iragarpena: lainoa-oskarbi-haize ahula eta hotza. Arras misteriotsuak zaizkigun arrazoiak direla eta, Euskalmeten iragarpenen automatikoak ez dira 0 gradutik jaisten; errua, ohi bezala, informatikariarena izango da. Edo algoritmoarena. Sirirengana jo dugu, eta txukun txukun marraztu digu biharko panorama: -5 eta 7 gradu artean ibiliko da tenperatura.