Eleberri grafikoa, erakusketa eta websaila, Batera proiektuetan irabazle

Erredakzioa 2022ko urt. 14a, 09:27
Otsailean hasiko dituzte crowdfunding kanpainak. / Oihaneder

Oihanederrek antolatutako dirulaguntza deialdiaren irabazleak 'Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea', 'Idi-gosea' eta 'Beita' proiektuak izan dira

Batera kultur proiektuen deialdiak baditu dagoeneko irabazleak. Aritz Ibarra (Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea) eta Sandra Salazar (Idi-gosea) bakarka; eta Aitor Gomez (Beita), Xup! antzerki taldearen izenean dira aukeratuak izan diren gazteak.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu ditu beren originaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa dela-eta. Hauek garatu ahal izateko hiru irabazleek Oihaneder-Gauekoak-en, Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren laguntza jasoko dute. Izan ere, crowfunding-a antolatzeko aholkularitza jasoko dute, baita kanpaina abiatzeko 2000€ ere bakoitzak.

Diziplina ezberdinetako proiektuak izan dira aurten: 1200. urtean Gasteiz hiriaren konkista ezagutzera emateko eleberri grafikoa (Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea), elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio-bulimiaren inguruko fanzinea eta erakusketa (Idi-gosea) eta thriller-misterio generoko websail gazte eta femininsta (Beita).

Hurrengo asteetan crowfunding kanpainak prestatuko dira, eta otsailean zehar abian jarriko. 40 egun izango dituzte irabazleek beren proiektuentzako ekarpenak lortzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide