"Ia ezinezkoa" zena gertatu da Garoñan, bidoi bat erortzean

Juanma Gallego 2022ko urt. 13a, 11:54
CSNren akta batean jaso dute gertakaria. ALEA

Hondakin erradioaktiboak zituen bidoi bat erori zitzaien uztailean, garabia ez zelako neurri horretarako egokia. Langile batek jaitsi behar izan zuen biltegira, bidoia lotzera.

Iazko uztailaren 22an, Suediatik bueltatutako hondakin erradioaktiboak zituen bidoi bat Santa Maria de Garoñako zentral nuklearreko garabi batetik erori zen, gailu hori ez zegoelako egokitua bidoi mota horretarako. Gertakariaren ondorioz, hilabete batez bertan behera utzi behar izan zioten hondakinak jasotzeari, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak gaur argitaratutako agiri baten arabera.

Aurretik CSNren ikuskatzaileak enpresari eskatua zion halako gauzak gertatzekotan izan beharreko kontingentzia plana, baina Nuclenorrek erantzun zion ez zela beharrezkoa, "ia ezinezkoa zelako" bidoi bat erortzea.

Iazko maiatzean CSNk baimendu zuen Suediara tratatzera bidaliak ziren 15 hondakin ontziren itzultzea. CSNren arabera, gehienak irradiatutako materialak dira. Alabaina, enpresa horrek baliatzen dituen bidoien neurrietarako ez zegoen prestatuta Garoñan zuten garabia.

Suediatik aurretik bidalitako bidoi batekin hainbat proba egin zituzten Garoñan, eta ikusi zuten goiko aldean ez zegoela behar adinako espaziorik. Horren aurrean, erabaki zuten nahikoa zela matxardaren hankak hurbiltzea, eta marka berri bat marraztea gailuan. "Titularraren iritziz, proba horien emaitzek probatzen zuten ia ezinezkoa zela bidoi bat erortzea, eta, hortaz, ez zela zertan kontingentzia planik behar", idatzi du ikuskatzaileak.

Uztailaren 22an, zazpigarren bidoia ateratzen ari zirela, ikusi zuten hankek ez ziotela ondo eusten. Maniobraren ikuskapena egin behar zuen teknikariak, gainera, alde egin behar izan zuen arrazoi medikoak zirela eta. Beste teknikari batek hartu zuen ikuskapena egiteko ardura.

CSNren ikuskatzailearen hitzetan, "une horretan ez zegoen ikuskapen ahalmena zuen inor ATR [biltegian]". Zorutik metro batera zegoela, bidoia askatu egin zen.  "Gelaxkaren zoruan etzanda garatu zen, alde batetik deformatuta, itxuran, hermetikotasuna galdu gabe", dio agiriak. Bertan zeudenek nagusi batengana jo zuten, baina hark garrantzia kendu zion jazotakoari, "erorketa ez" baizik "iraulketa" zela esanez.

CSNren ikuskatzaileak idatzi du orduan ez zuela "eztabaidetan sartu nahi", eta kontrol aretora joan zen zuzenean, maniobra guztiak bertan behera geratzeko eskatzera.

Abuztuaren 4an, langile batek hondakin erradioaktiboen biltegira jaitsi behar izan zuen, isuririk ez zegoela egiaztatzera eta bidoia lotzera, berriro altxa zezaten. Agiriak jasotzen duenez, 23 mikrosieverteko erradiazioa jaso zuen. Behin kontingentzia plana eginda, abuztuaren 20an berriro ekin zioten Garoñan Suediatik bueltatutako hondakinak jasotzeari.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide