Koronabirusa

Zama norberaren gain jarri dute

Juanma Gallego 2022ko urt. 13a, 07:00
Herritarrek autodiagnostikora jo dezaten bideratutako neurriak iragarri dituzte osasun agintariek. IREKIA

Omikron aldaeraren aurrean, osasun agintariek txertaketan eta musukoetan jarri dute kudeaketaren oinarria, adituek behin eta berriz eskatutako aireztapen egokiaren gaineko erabakirik hartu gabe.

Jende askoren buruan dagoen galdera da ea azken olatu hau nolabaiteko katarsia izango ote den pandemiaren bilakaeran. Aurrekoak ziurgabetasunez beteriko hilabeteak izan badira, Omikron aldaeraren zabalpenak are iragarriezinago bihurtu du egoera. Hilabete bakar batean munduan zehar aise zabaldu da azken aldaera hau, birus baten inoizko zabalpenik handienetako batean.

Inoizko igoerarik handiena egin du Covid-19ak kutsatutakoen kurbak, baina, aurreko olatuetan ez bezala, momentuz bederen, hildakoenak eta ospitaleratuenak ez diote modu berdinean jarraitu. Gurean ez ezik, munduko leku askotan antzekoa da egoera.

Aditu askok aspalditik diote pandemia egoera batetik egoera endemiko batera igarotzekotan egon daitekeela, beti ere, ezusteko gehiagorik ez badatoz. Hala uste du adibidez Gorka Oribe ikertzaileak. "2022 izan daiteke pandemiatik endemiara apurka igarotzeko urtea", aurreikusi du adituak. Endemia hitza erabili ohi da birus baten eragina eremu geografiko zehatz batean izendapena, baina baita garai zehatzetan ere. Gripea litzateke azken honen adibide ezagunetako bat, eta hori dute buruan zientzialariek. "Badirudi Omikron dela hain larria ez den aurreko aldaeren bilakaera bat, eta txertoak zein gure immunitate sistema babesle izaten ari direla", idatzi du Oribek.  

Halere, adituak berriro plazaratu du mahai gainean dagoen aspaldiko kezka: aireztapen egokia bermatzeari dagokiona. Oriberen esanetan, birusa batez ere aire bitartez transmititzen dela "ulertzea eta aitortzea", Hiesa eragiten duen GIB birusa fluidoen bitartez transmititzen dela, edo malaria eltxoen bitartez transmititzen direla jakitea bezain garrantzitsua da. 

Aire garbia, gako

Bat dator Elhuyar fundazioko kide Ana Galarraga. Enegarrenez, aireztapenaren beharra ekarri du gogora BERRIAn. "Ez dago arnasten dugun airea garbia eta segurua dela baieztatzeko, ez araudirik, ez neurketa estandarrik", salatu du. "Horrenbestez, aire garbia bermatzeko inbertsioek heriotza asko eragotziko lukete, eta ekonomikoki ere onuragarria izango litzateke".

Pandemiaren kudeaketari dagokienez, ez da egon barruko espazioen aireztapenaren gaineko neurri berririk osasun agintarien aldetik. Asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarritako neurri berriak aurrekoen norabide berdinetik joan dira, autodiagnostikoaren eta ardura pertsonalaren bidetik. Hala, eskatu zuen botika batean testa erosi eta positibo ematen duen herritarrak ez diezaiola Osakidetzari abisua pasa, eta bere kabuz erabaki dezala etxean isolatzea. Soilik baja eskatu behar den kasuetan bete beharko da web bidezko formulario bat. 

Hezkuntzan ere antzeko irtenbidea aurkeztu dute, Espainiako osasun publikoko batzordeak ebatzitakoaren bidetik: sintomak izanez gero etxean geratzeko eskatu dute, baina ikasgelan kasuren bat egonez gero ez dituzte testak egingo. Bitartean, umeen txertaketan eta hirugarren dosian jarraitzen dute oinarritzen Omikron aldaeraren gaineko kudeaketa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide