88.797 pertsona pasa dira Foru Sareko museo eta aztarnategietatik

Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 08:48
La Hoyako aztarnategia. PHOT.OK

Artium Museoak bisitariak berreskuratu ditu pandemiaren bigarren urtean, eta 50.000 bisitari baino gehiagorekin amaitu du 2021. urtea

Guztira 88.797 pertsona pasa dira 2021ean Arabako Foru Sareko museo eta aztarnategietatik, hau da, BIBAT Museotik, Arte Ederren Museotik, Arma Museotik, Natura Zientzien Museotik eta Iruña-Veleia eta La Hoya aztarnategietatik. Zifra hori 2020. urtekoa baino %59,5 handiagoa da, orduan 55.657 bisitari izan baitzituen sareak, baina oraindik urrun dago 2019ko 125.191 bisitariko errekorretik.

Bereziki nabarmentzekoa da uda garaian izandako bisitari kopurua –batez ere, turismo naturala–, 2019koa baino are handiagoa izan baita. Hilabete onenak uztaila eta abuztua izan dira, 10.572 eta 16.383 bisitari hurbildu baitira, hurrenez hurren, foru sareko museoetara; 2019an, aldiz, 9.414 eta 13.945 bisitari izan ziren, hurrenez hurren. Iraila eta urria 2019koen antzekoak izan dira; azaroko eta abenduko kopuruak, ordea, 2019koen %50ean gelditu dira berriz ere.

"Suspertze sintomak agerikoak dira –adierazi du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko arduradunak–, eta, beraz, urteko balantze orokorra positiboa da, egoera asko hobetu baita 2020koarekin alderatuta. Bistakoa denez, pandemiaren eragina oso nabarmena da oraindik ere, eta jarduera eta bisitari kopurua handitu eta gutxitu egiten da pandemiaren bilakaeraren arabera, eta ondorioz, balorazioa positiboa den arren, emaitzak gazi-gozoak dira".

Artium museoan ere gora

Artium Museoak, berriz, 50.022 bisitarirekin amaitu du 2021. urtea, hau da, ia-ia bikoiztu egin ditu pandemiaren lehen urteko kopuruak eta 2019an izandako bolumenaren %55era iritsi da. Ziurgabetasuna eta murrizketak nagusi izan badira ere ekitaldi honetan, berreskuratzeko joera etengabea izan da, nahiz eta zuhurtziaren eta iraunkortasunaren parametroek markatu duten; bestalde, segurtasun-neurriak errespetatu eta bultzatu dira, eta, horien ondorioz, mugatu egin da edukiera eta atzeratu egin behar izan dira hainbat jarduera eta ekimen. Halaber, muga horien ondorioak bereziki museoaren hezkuntza-programen parte-hartzaile kopuruan nabarmendu dira, taldeko kide kopurua murrizteaz gainera, ikastetxeek zailtasun handiak izan baitituzte ikasleak ikastetxetik museora eramateko.

Egoera orokor horretan, estatistikek erakusten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak direla bisitari gehienak berriro ere, hau da, %60 (2020ko ehunekoaren antzekoa); segmentu horren barruan, aipagarria da erabiltzaileen %43 Arabakoak izan direla. Beste autonomia erkidegoetako eta atzerriko bisitariei dagokionez, %28 (2020ko kopuru bera) eta %12 (puntu bat gehiago) izan dira portzentajeak, hurrenez hurren. EAEtik kanpotik etorritako bisitarien jatorriari dagokionez, Katalunia eta Madrilgo herritarrak izan dira nagusi lehenengo sailean eta Frantzia, Britainia Handia eta Alemaniakoak bigarrenean.

Adinaren eta generoaren araberako banaketari dagokionez, Museoko bisitari gehienak emakumeak dira (%55 emakumezkoak eta % 45 gizonezkoak) eta 44 urtetik beherakoak (%54 adin-tarte horretakoak eta %46 adin horretatik gorakoak) izan dira. Bisitari gune nagusia 25 eta 65 urte bitarteko helduen segmentuan dago (%64).

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide