Bigarren urtez jarraian, aurten ere ezinezkoa izan da urtero Bilbon antolatu ohi den manifestazio erraldoia egitea, Covid-19aren osasun krisia dela era. Hortaz, Sare Herritarrak herriz herri antolatu ditu deialdiak, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean lelopean.
Arabaren kasuan, hiriburuan eta gutxienez beste hamar udalerritan era guztietako deialdiak izan dira egunean zehar (gehienak arratsaldean): Gasteizen, 17:00etan Artium Museotik abiatu den manifestazioa baino lehenago, hiru zutabe irten dira Europa Jauregitik, Judimendiko San Juan elizatik eta Iparralde gizarte etxetik; Agurainen, San Juan plazatik irten da manifestazioa; Laudion, Aldai plazan hasi da Aiaraldeko mobilizazio nagusia; Bastidan, Guardian, Espejon, Kanpezun, Legution, Trebiñun, Murgian eta Zigoitian ere ehunka herritar bildu dira.
"Euskal presoek eskubideen urratze egoera pairatzen dute, %50 baino gehiago oraindik urrun baitago; graduen progresioa blokeatuta dago; fiskaltzaren helegiteak daude espetxe-baimenak eragozteko. Horrekin guztiarekin, arrazoi objektiboak daude kalera ateratzeko eta salbuespeneko espetxe politika honen amaiera eskatzeko", adierazi du Sarek.
Goizean hainbat ekitaldi izan dira Euskalduna Jauregian (Bilbo), eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkaritza zabalarekin. Bertan izan dira, besteak beste, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoak; ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, Etxalde, HIRU, CGT, CNT eta ENHE sindikatuak; Arartekoaren Bulegoko ordezkaritza bat; eta giza eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteen ordezkaritza zabala. Horrez gain, Kataluniatik, Galiziatik eta beste hainbat herrialdetatik iritsitako ordezkari ugarik ere ekimenarekin bat egin dute.