Gaur arratsaldean egin dute LABIren azken bilera, Gabonen testuinguruan pandemiaren seigarren olatuari aurre egiteko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak hartutako erabaki nagusia ordutegiarekin lotuta dago.
Bihartik aurrera, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak 01:00etan amaitu beharko dira; ostalaritza, kultura eta merkataritza barne. Urtarrilaren 1ean eta 6an —Urte Berri Eguna eta Errege Eguna—, ostalaritza establezimenduak ezin izango dira 08:00ak baino lehen ireki. Praktikan, beraz, bertan behera geldituko dira Gabon Zaharreko kotilioi eta jaialdi guztiak.
Gainera, gehienez hamar pertsona elkartu ahal izango dira taberna eta jatetxeetako mahaietan —neurri hori Gabonetako afari eta bazkarietara ere gomendio gisa hedatu du lehendakariak—, eta barran zutik kontsumitzea debekatuta egongo da.
Edukiera orokorra %60ra mugatuko da espazio itxi guztietan. Ekitaldiei dagokienez, oro har, gehieneko edukiera 600 pertsonakoa izango da espazio itxietan eta 800 pertsonakoa aire zabalean. Espazioak 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera badu, edukiera 800 pertsonakoa izango da barrualdean eta 1.200 pertsonakoa aire zabalean. Esparrua 5.000 ikusletik gorakoa bada, edukiera %50era murriztuko da.
Nolanahi ere, azkenean ez du ordutegi edo neurri berezirik ezarriko Gabonetako ospakizun egunetarako. Itxiera ordua eta irizpideak berdinak izango dira neurri berriak indarrean dauden bitartean; hau da, urtarrilaren 28ra arte.
Ostalaritzari ezarritako neurriek txoko, elkarte gastronomiko eta gazte lonjei ere eragingo diete.
Informazioa eguneratzen ari gara.