Pandemiaren seigarren olatuak orain arteko errekor guztiak hausten jarraitzen du —positibo kopuruari dagokionez—, baina Osasun Sailak azaldu duenez, txertaketari esker eta Omicron aldaera dela eta, kutsatutako pertsona gehienek koadro arinak dituzte. Hortaz, zaintza zein miaketa protokoloak egokitu eta eguneratuko direla iragarri du Gotzone Sagardui sailburuak.
Sagarduiren ustez, une honetan "garrantzitsuena da kasu positiboak detektatzea, pertsona ahulenen jarraipena egitea eta konplikazioak dituztenei arreta ematea". Irizpide horri jarraituz, zaintza eta miaketa kolektibo zaurgarrien kasu positiboetan zentratuko da hemendik aurrera, eta Osakidetzak "jarraipen proaktiboa" egingo die adinekoei, haurdun dauden pertsonei, immunodepresioa duten pertsonei eta txertatu gabeko pertsonei.
Nolanahi ere, azken asteetan, praktikan, dagoeneko horrela izan da, eta positibo eman duten herritar askok kritikatu izan dute Osakidetzaren kudeaketa, gidalerrorik eta aztarnarien deirik jaso ez dutelako. Bitartean, osasun langileek baliabide falta eta plantilletan egindako murrizketak salatu dituzte.
Kolektibo zaurgarrien parte ez diren herritarren kasuan, ordea, gehienak "isolamendua, atsedena eta antitermikoren bat (parazetamola)" behar duten koadro arinak direla azpimarratu du Osasun Sailak. Pertsona horiek hamar egunez isolatuta egon beharko dira, eta Osakidetzak ez du jarraipen proaktiborik egingo, "kolektibo kalteberetan arreta jartzeko". Gainera, web formulario baten bitartez sintomekin hasi baino 48 ordu lehenago izandako kontaktuen zerrenda eman beharko dute, pertsona horiek ere proba diagnostikoa egin dezaten.
Hori bai, sintomek okerrera egiten badute edo arnasa hartzeko zailtasuna badago, osasun zentroarekin harremanetan jarri beharko dira.
Formulario berria eta antigeno proba gehiago
Protokolo berri hori ahalbidetzeko, kasuen jarraipena errazteko eta telefono kanalak arintzeko, Osakidetzak formulario berri bat jarri ditu martxan, Covid-19arekin bateragarria den sintomatologia duten pertsonek proba diagnostikorako hitzordua azkarrago jaso ahal izateko:
- Sintomak ditut. Zer egin behar dut?
- Positibo eman dut. Zer egin behar dut?
- Kontaktu estua naiz. Zer egin behar dut?
Horrez gain, emaitzak denbora laburragoan lortzeko, antigeno proba gehiago egingo dira, laborategiak arintzeko helburuarekin. Probaren emaitza dagoenean, SMS batek baieztatuko du positiboa edo negatiboa den.