Udaberrira atzeratu dute Arabako Bertsolari Txapelketa

Erredakzioa 2021ko abe. 27a, 10:21

Iñaki Viñasprek jantzi zuen azkeneko txapela, 2019an. / Alea

Apirila bitartean egitekoa zen txapelketa, baina txapelketa "behar bezala" egiteko baldintzak ez direla betetzen azaldu dute.

Pandemiaren bilakaera ikusirik, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa udaberrira atzeratzea erabaki du Arabako Bertsozale Elkarteak. "Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 17ko agindua eta abenduaren 14ko dekretuan ezarritako araudia aztertu ondoren, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa udaberrira atzeratzea erabaki du, araudi honekin eta pandemiaren egoera honetan txapelketaren helburuetako batzuk betetzea zaila delako", azaldu dute ohar batean.

Gogoratu dute, Araban bertsolaritzaren erakusleiho izateko, bertsolaritza aktibatzeko eta zabaltzeko, bertsozaleak kohesionatzeko eta berriak sortzeko helburuarekin egiten dela txapelketa, besteak beste. "Arabak txapelketa bezalako euskarazko kultur ekitaldiak behar beharrezkoak ditu, eta lanean jarraituko dugu, modu arduratsuan, ahalik eta baldintza duinenetan, bertsozale guztientzat posible izan daitezen".

Urte hasieratik apirila bitartean egitekoa zen txapelketa, beraz, udaberrira arte atzeratu dute. Data berriak aurrerago jakinaraziko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide