Urteko albisteak Bai Euskarari Elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko abe. 21a, 15:19

Asko izan dira 2021ean Bai Euskarari Elkartean esku artean izan ditugun proiektuak eta urtearen errepaso moduko bat egin nahi izan dugu urteko 12 albiste edo gertaera aintzat hartuta. Ea aukeraketa zuen gustukoa den.

Mila esker urte osoan modu batera edo bestera gurekin elkarlanean aritu zareten entitate, erakunde, elkarte eta norbanako guztioi! 

1

Euskararen aldeko konpromisoa hartu dute 38 entitatek 2021ean

Euskararen aldeko konpromisoa hartu eta euskaraz erosi edo euskaraz lan egin nahi duten pertsonei aukera errazten dieten enpresa, saltoki eta era guztietako entitateak biltzen ditu Bai Euskarari komunitateak. 2021ean 35 entitate berri gehitu zaizkigu komunitate horretara. Zorionak eta ongi etorri guztioi!

2

Bai Euskarari Elkartearen irudia berritu dugu

Elkartearen irudia garai berrietara egokitu eta elkarteak dituen proiektu ezberdinak bateratu ditugu irudi berriarekin. Bai Euskarari Elkartea izena marka-irudian bertan ageri da orain eta elkartearenak diren proiektu ezberdinetako markak ere horren arabera egokitu dira: Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean eta Euskaragileak.

3

IZT, Athlon eta Biharko saritu ditugu #BaiEuskarariSariak2021 ekitaldian

Aurtengo sarietan #SareaIndartzen izan dugu lelo nagusi, eta bertan kokatzen ditugu aurten saritu ditugunak. Euren praktika egokiak eta eredugarritasuna saritu nahi izan ditugu, haien eredua erakusteko, beraien jardunean osagai ezinbestekoa baita euskara. Hiru saridunen bidelagun izateko plazerra du Bai Euskarari Elkarteak.

4

Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko 11x2 arrazoi bildu ditugu!

Apirilean Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko 11 arrazoi bildu genituen ziurtagiria duten 11 entitateren eskutik. Azaroan zehar, beste 11 entitateren arrazoiak zabaldu genituen. Izan ere, hamaika arrazoi daude Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko: motibazioa, lehiakortasuna, berrikuntza, hurbiltasuna, errekonozimendua… Eta guk esatea baino, nahiago izan dugu Bai Euskarari Komunitateko entitateek dituzten arrazoiak entzutea.

5

Kooperatibismoa, enplegua eta lan eredu berriak aztergai, 'Elkarrengandik ikasiz' solasaldietan

Bai Euskarari Elkarteak 'Elkarrengandik Ikasiz' solasaldiak egin ditu, Kutxa Fundazioak babestuta. Irailean eta urrian, enpresekin lotutako hiru gairen inguruko hiru solasaldi zabaldu genituen 'Elkarrengandik Ikasiz' atalean. Hiru lagun elkartu eta solasean jarri ditugu, kamera aurrean, bakoitzaren ikuspuntua azaldu, eztabaidatu eta elkarrengandik ikasteko asmoz.

6

Euskara lanean txertatzeko erronka abiatu dute Arabako enpresek

Arabako 13 enpresek parte hartu dute Arabako Enpresen Foroaren barruan aurten egin diren hiru saioetan eta bakoitzak bere erronkak identifikatu ditu: hizkuntza gaitasuna handitzea; barne komunikazioan eta lan tresnetan euskara txertatzea; erakundearen irudia euskalduntzea; eta kanpo komunikazioan euskara erabiltzea izan dira aukeratutako erronkak.

7

Lansarean.eus lan-ataria berritu dugu

Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen Lansarean.eus lan-ataria berritu dugu eta lan bila ari direnentzat erabilgarria diren berrikuntzak txertatu ditugu, tartean, CV eredu ezberdinak hutsetik sortzeko eta deskargatzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Hobekuntza hauen bitartez, lana bilatzeko prozesua erraztu nahi izan dugu.

8

Enpresarean foroa: 'Enpleagarritasuna Euskal Herriko gazteentzat'

Gazteen lan aukeren inguruko Enpresaren Foroa izango genuen urrian IMHn, Elgoibarren. Osasun zein ekonomia krisiek gazteengan eta hauen enpleagarritasunean nola eragiten duten aztertu genuen solasaldian.

9

Oporretarako aukerak bertan eta euskaraz, Bai Euskarari komunitatean

Euskal Herrian batetik bestera ibiltzea baldin bada zure asmoa, baliabide ugari aurkituko dituzu Bai Euskarari komunitatean. Turismo zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzten entitateak ditugu komunitatean, oporraldia bertan eta euskaraz gozatzeko.

10

Gasteizko enpresetan euskara txertatzen lagundu dugu

Gasteizko Udalak Bai Euskarari Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zuen Bai Euskarari ekimena Gasteizen garatzeko. Hitzarmen horri esker, lehenengo urtean doan lagundu diegu enpresa edo saltokian euskararen aldeko pausoak ematen eta, 10 eta 49 langile arteko enpresa izanez gero, bi urteko doako zerbitzua eskaini dugu.

11

Euspot Lehiaketan babesle izan gara

Bai Euskarari Elkarteak Euspot lehiaketaren laguntzaile bezala parte hartu du. Gure helburua arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea izanik, estrategikotzat jotzen dugu ikus-entzunezkoen industrian eta gazteen artean ere eragitea.

12

Gurean egunero da Euskararen Eguna

Ospatzeko eguna izan ohi da abenduaren 3a, baina baita aldarrikatzekoa ere, euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugula esatekoa. Horregatik, egunerokoan espazioak euskaraz betetzeko lanean ari zaretenontzako kartela egin dugu, gurean egunero dela Euskararen Eguna nabarmentzeko. Deskargatu eta erabil ezazue nahieran.

Deskargatu kartela

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago